Egun osoko musika jaialdi akustikoa Lemoan
Data
22.05.14 - 22.05.14
Lekua
Bizkaia - Lemoa

Lemoakustikfest jaialdia da larunbat honetan Arratian gozatuko dutena. Eguerdiko 12.00etan Kotxepin kultur etxe ondoko landan hasita, herriko, eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat musika proposamen egongo dira entzuteko Lemoan. Emanaldiak doakoak izango dira.
Arratiako musika eskolak irekiko du jaialdia eguerdian. Eskualdeko musika ikasleen doinuak 12.00etatik aurrera entzungo dira Kotxepin kultur etxe ondoko landan. Eta ostean Ane Han arituko da lorategian (13.00etan). Eta goizeko saioa amaitzeko Esanezin taldeak joko du, landan. Goizeko emanaldien ostean, bi food truck egongo dira aukeran gainera, jaialdian bertan jateko: Tipi tapa eta Jamonostruck. Gaztetxekoek ere txozna jarriko dute, Euskal Herriko hainbat garagardo dastatzeko aukera ere izango da Lemoan.
Pasadena
Arratsaldeko saioa Pasadena taldeak irekiko du 18.30ean. Duela gutxi agertu da plazara Pasadena, Libe Garcia Kortazar eta Jon Basaguren musikariek sortua. Diskoa eskupean dutela agertu dira eskenatoki gainean, orain arte Izaki Gardenak taldearen bueltan ezagutu ditugunak. Pop doinu atseginak dira beraienak, eta Lemoako jaialdirako sano aproposak.
Habi eta Ibil bedi
Euskal pop sortzaile berriak datoz plazara. Lan berriekin gainera. Habi 2018an sortu zen, Jon Ander Artola eta Yeray Gascon taldekideen bideak gurutzatuta. Villabonan jaioak dira biak, eta musikarekiko pasioak elkartu zituen haien bideak. Bateria jotzen du Jon Anderrek eta gitarra Yeraik. Bikotea da Habi. Berriki ‘Helmuga’ diskoa kaleratu berri dute Elkar diskoetxearen babesean.
Ibilian ezagunagoak egin dira Ibil Bedi taldekoak. Iaz jo eta jo aritu ziren, eta ‘Beltxarga beltza’ diskoaren aurkezpenak amaitzen ari dira dagoneko. Hemen eta han aritu dira, eta guztietan aho zapore onarekin atera dira entzuleak. Zalantzarik gabe, azken urte hauetan guztietan gurean agertu diren talde gazteen artean aipamena merezi du banda nafarrak.
Lemoakoa jaialdi akustiko atsegina izango denaren dudarik ez dauka inork. Lasaia, jezarrita edo lurrean jarraitzeko modukoa. Zerbait jan, zerbait hartu eta musikarekin gozatzekoa. Landan, lorategian edota jatekoak dituzten furgoneten aldamenean. Zoriontzekoa antolatzaile musikazaleen jarduna, eta hori egitea bultzatu duten herri erakundeena ere bai.
ORDUTEGIAK
12.00 Arratiako Musika Eskola (Landa)
13.00 Ane Han (Lorategia)
14.00 Esanezin (landa)
18.30 Pasadena (Landa)
20.00 Habi (Lorategia)
21.30 (Landa)
Kokapena
Lemoakustikfest
Kotxepin Kultur Etxea
Lemoa. Bizkaia