‘Egunean Behin’ jokoaren zuzeneko finala Donostian egingo da martxoaren 31n

Data

23.03.31 - 23.03.31

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

2019an egin ze finalaren irudia.
2019an egin zen finalaren irudia. (CODESYNTAX)

‘Egunean Behin’ zuzeneko finala martxoaren 31n izango da Donostiako Euskadiko Parke Teknologikoan, Miramongo eraikin nagusian. Euskarazko joko eta aplikazioak lau urte bete ditu 2023ko martxoaren honetan, eta bere 11. denboraldia osatzera doa. Denera 65.000 erabiltzaile inguruk parte hartu dute.

Eguneroko jokoa igandean, martxoaren 26an, amaituko da. Baina denboraldiko sariak, Guuk telekomunikazio enpresak jarriak, zuzeneko aretoko final batean erabakiko dira, datorren martxoaren 31n, ostiralarekin, 18.00etatik aurrera.

Finala Kike Amonarrizek aurkeztuko du, eta Euskadiko Parke Teknologikoen Donostia Campusean izango da, Miramonen, Campuseko eraikin nagusian. Denboraldiko jokoan sailkatzen diren lehen ehun jokalariek tokia izango dute, baina hutsuneak betetzeko izen-emate orokorra irekia dago, helbide honetan: labur.eus/finala31

Guuk denboraldiko babesleak eta CodeSyntax jokoaren enpresa egileak antolatu dute finala, SPRI erakundearen eta Euskadiko Parke Teknologikoen laguntzarekin.

2019ko abenduan finala egin zen San Agustin aretoan, Azpeitian. Gero, pandemiak topaketa hauek galarazi zituen, baina jokoak jarraitu zuen, denboraldiz denboraldi oporraldien artean, eguneroko 50.000 lagun ingururen leialtasunarekin. Bitartean, telebista bidezko zuzeneko lehiaketak ere izan dira (‘Biba Egunean Behin’ programa berezia, hiru aldiz), eta CodeSyntax-ek jokoaren beste bi bertsio ere garatu ditu.

Adibidez, galesezkoa, ‘Cwis Bob Dydd’, zeinak iazko urriaren eta aurtengo otsailaren artean 7.000 jokalari elkartu dituen, S4C bertako telebistaren enkarguz; eta katalanezkoa, ‘Un Cop Al Dia’. Azken hau rten berri da eta bere hirugarren astean dago, 2.500 eguneroko jokalarirekin.

Kokapena

Euskadiko Parke Teknologikoen Donostia Campusa

Donostia. Gipuzkoa