Eibarko Antzerki Jardunaldiak teloia altxatzera doaz

Data

21.02.09 - 21.03.25

Lekua

Gipuzkoa - Eibar

Antzerki Jardunaldiak gaur hasiko dira. (Ainhoa)

Astearte honetan altxako du teloia Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioak. Martxoaren 23ra arte luzatuko da dira. Aurten, osasun-krisiaren ondorioz, kokalekuz aldatuko eta Coliseo Antzokian izango dira emanaldiak. Izan ere, Unibertsitate laboraleko Hezkuntza Esparruko areto nagusia hezkuntza-gela gisa erabiltzen ari dira. Lan bakarra eskainiko da Portalean.

Jardunaldien hasierako hitzaldiak David Barbero, Roberto Herrero eta Pedro Barea kazetari eta antzerki kritikariak, Ane Gabarain aktorea eta Fernando Bernues zuzendaria elkartuko ditu Coliseoan, 19.00etan. Guztiek antzerki munduarekin duten harremana eta esperientziak kontatuko dituzte, Eibarko Antzerki Jardunaldien sortzaileetako bat den Juan Ortegarekin batera. Erika Rodriguez Horrillo Narruzko Zezen antzerki taldeko kidea izango da aurkezlea.



Asteazkenean eta ostegunean Samuel Becketten ‘Esperando a Godot’ antzezlana aurkeztuko da, Pepe Viyuela, Alberto Jimenez, Juan Diaz, Fernando Albizu eta Jesus Lavi aktoreak protagonista dituen tragikomedia. Antolatzaileen hitzetan, «ikuslearengana iristeko beharrezkoak diren indarra, umorea, poesia, samurtasuna, mina eta barrea biltzen dituen lana da».

‘Kutsidazu bidea Ixabel’ izango da aurtengo beste proposamen nagusietako bat, Demode Produkzioak-en eskutik eta Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Euskaraz eskainiko den komedia musikala otsailaren 12an eta 13an izango da, 19.00etan, eta Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Nguema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano aktoreek hartuko dute parte.

Aurtengo edizioan ikusi ahal izango diren gainerako lanak honako hauek dira: ‘Real Book Vol.1’ (Loyola Garmendia eta Iñaki Salvadorren komedia musikala); ‘Caballo/Dostoyevski’ (Teatro Haceria); ‘El Coronel no tiene quien le escriba’ (Okapi Producciones); ‘La isla’ (Juan Carlos Rubioren drama), Histrión Teatrorena; ‘Lurrun minez’ (Galder Perezen drama), Lurrun Minez konpainiarena; ‘Los hijos’ (Lucy Kirkwooden drama), Producciones Teatrales Contemporáneas konpainiarena; ‘Alpha’ (Gorka Ganso eta Cecilia Paganiniren komedia), Ganso & Cía taldearena; ‘Ameriketako bidaia’ (Patxo Telleriaren tragikomedia), Tanttaka Teatroa konpainiarena; ‘Lloviendo Ranas’ (Garbi Losada, Mikel Bernues eta Jose Antonio Vitoriaren drama), Ados Teatroa taldearena; ‘Mi último baile’, (Pabellón 6 Gazte Konpainia); ‘Atzerrian lurra garratz’ (Huts Teatroa-Artedrama); ‘Vidas enterradas’ (Teatro Corsario, L 'om-Imprebís, Micomicón eta Teatro del Temple); ‘Italino Grand Hotel’ (Companyia La Tal); ‘Ez Dok Ero’ (Tartean Teatroa); ‘Proyecto Fausto’ (Delirium Teatro); ‘Tempus Fugit’ (Lamov Cía De Danza); eta ‘Don Quijote Somos Todos’ (Teatro del Temple).

Sarrerak emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago erosi ahal izango dira Coliseo antzokiko leihatilan bertan. Sarrera arrunta, 15 euro (Coliseoaren Laguna txartelarekin 10,50 euro) eta 12 euro (8,50 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).

Kokapena

Coliseo
Merkatu Kalea, 2
Eibar. Gipuzkoa