‘ElkarrizKatea’, idazleen arteko elkarrizketa saioa
2020/02/20 - 2020/10/31
Bilbo
Bizkaia
Elkarrizkatea
AIPAMENAK

‘ElkarrizKatea’ saioan hainbat idazlek hartzen dute parte elkarren artean hitz egiteko helburuarekin. Hala, «A idazleak B idazleari elkarrizketa egiten dio, hurrengo saioan B idazleak C idazleari, eta horrela katea osatu arte zazpi euskal idazle esanguratsuekin», azaldu dute Azkue fundaziotik. Honek, iaz egin zuen bezala, aurten ere Booktegi plataforma digitalarekin lankidetza egingo du aipatu saioaren hirugarren denboraldia babesteko.

Denboraldi berrian Booktegik zuzeneko ekitaldiak antolatuko ditu Euskararen Etxean. Ekitaldi irekiak izango dira eta nahi duen oro gerturatu ahalko da. Bertaratzeko aukerarik izango ez dutenentzat oharra: Booktegik grabatu egingo ditu gero bere plataforma digitalean argitaratzeko.

Zehazki, lau ekitaldi onduko ditu Booktegik Bilboko Euskararen Etxean. ‘Festa gonbidatuak’ izenburuko ekitaldia izango da lehena, otsailaren 20an. Katixa Agirrek ‘Festa gonbidatuak’ ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du eta egun berean Booktegi-k liburu hori argitaratuko du bere plataforman. «Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute», azaldu dute Azkue Fundaziotik.

Bestalde, maiatzaren 8an, ‘Xerexaderen Festa’ egingo da. Adierazi dutenez, «Booktegin hiruzpalau ipuin argitaratuko ditugu bilduma berean. Azala Idoia Beratarbidek egingo du. Ipuinak Xerezaderen artxibokoek hautatuko dituzte, eta Xerezaderen Artxiboko kideek ekitaldian irakurriko dituzte».

Halaber, maiatzaren 14an, zutabegileen txanda izango da ‘Zutabegileen hirukotea’ ekitaldian. Jose Mari Pastorrek, Onintza Enbeitak eta Xabier Etxaniz Rojok zutabegile lanaz gogoeta egingo dute Euskararen Etxean.

Azken hitzordua, ‘Ipuin solasaldia’, urrian izango da. Aurreko hiruzpalau asteetan hiruzpalau idazlek ipuin bana plazaratuko dute Booktegin. Ipuin bakoitzak «enbata» hitzari edo kontzeptuari erreferentzia egingo dio nolabait. «Solasaldian idazle bakoitzak bere lanaren inguruan eta besteen gainean hitz egingo du. Formatu hau interesgarria izateaz gain, berritzailea izango da», ziurtatu dute.

2018ko denboraldian zazpi idazlek hartu zuten parte, bai eta 2019koan ere, besteak beste, Harkaitz Cano, Beñat Sarasola, Uxue Alberdi, Arantxa Urretabizkaia eta Peru Iparragirre.

2020 honetan atalak 40 minutukoak izango dira eta Bilbon dagoen Euskararen Etxean grabatuko dira. Gainera, Booktegi plataformak jakinarazi duenez, aurten hobekuntza teknikoak egingo ditu, atalen kalitatea hobetzeko asmoz.

KOKAPENA
Agoitz Plaza, 1
Euskararen Etxea
Bilbo
Bizkaia
LOTURAK