Emakumeek sortutako zinema ikusgai Bilbon

Data

21.10.18 - 21.10.29

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Jaialdiaren aurkezpena. (Oskar MARTXIN | FOKU)

Zinemakumeak gara! jaialdiaren 26. edizioa urriaren 18tik 29ra bitartean egingo da, bost gunetan: BBK Aretoa, BilbaoArte, Alondegiko Auditorioa, Golem Alhondiga zinemak, Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoa eta Alondegiko Auditorioa.

«Gure 25. urteurreneko ospakizun ekitaldiak atzean utzita, Zinemakumeak gara! ekitaldia azken urte eta erdian gehien erabili diren bi gairen inguruan jorratuko dugu: askatasunaren ideia eta urratzearen esanahia. Film labur eta luzeen proiekzioaren bidez egingo dugu, baita Rosa María Rodríguez Magda idazle eta filosofo valentziarrak, pentsamendu garaikidean eta feminismoan aditua denak, oparituko dizkigun hitzaldien bidez ere», adierazi dute antolatzaileek.

Inaugurazio ekitaldia urriaren 18an izango da, astelehena, BBK aretoan. Laura Sam poetak hitzezko poesia eta Spoken Word ‘Arde la palabra’ ikuskizuna eskainiko du, Julia Juaniz muntatzaile nafarrari Simone de Beauvoir Saria eman aurretik. Ondoren, sarituak elkarrizketa egingo dio Marian Gerrikabeitia errealizadoreari, eta hainbat zuzendarirekin izandako lan ibilbide ikusgarria errepasatuko dute: Basilio MartIn Patino, Victor Erice, Carlos Saura, Mercedes Alvarez, Daniel Calpasoro, Alberto Morais eta Paula Cons, besteak beste. Inaugurazio honen amaiera Gabriela Vidal eta Ines Maria Barrionuevo zuzendari argentinarren ‘Las motitos’ filmaren estreinaldiak emango du.

Urriaren 19tik 21era BilbaoArtek atzera begirako saio bat egingo du Larisa Shepitkori buruz, ‘Neguko eguzkia’ izenburupean. Zikloa, ‘Alas’, ‘La ascensión’ eta ‘Larisa’ proiekzioak barne dituena, zuzendari ukrainarraren lanari buruzko ponentzia batekin itxiko da, Neus Sabate ikertzailearen eskutik.

Urriaren 25ean, astelehena, Azkuna Zentroko Auditorioa galaz jantziko da 26. edizio honetako Simone de Beauvoir Saria jaso duen bigarren sariduna hartzeko: Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilaria (Zinematografiako Sari Nazional espainiarra eta Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina). Naiel Ibarrola piano-jotzaileak girotutako sari banaketaren ondoren, elkarrizketa egingo dio Lola Salvador Maldonadori Almudena Cacho kazetariak agertokian bertan. Jardunaldia amaitzeko, Pilar Miroren ‘El crimen de Cuenca’ eskainiko da.

Urriaren 26an, asteartean, Golem Alhóndiga zinema-aretoetan, ‘Spring Blossom’ botako da, Suzanne Lindon zuzendari frantsesaren opera prima bikaina.

Urriaren 27an, asteazkenean, Ainhoa Rodríguez Extremadurako zuzendariak bisitatuko du Erakusketa, ‘Destello Bravío’ (Malagako 2021 Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia) opera primaren estreinaldia dela eta. Golem Alhondiga zinema aretoetan izango den emanaldiaren ondoren, Lara Izagirre (H)emen elkarteko zuzendari eta lehendakariak mahaingurua zuzenduko du, eta bere sorkuntza prozesuaren engranajeak azalduko dizkigu.

Urriaren 28an, ostegunean, Campos Eliseos Antzokiko Cupula Aretoan bi saio egingo dira: Rosa Maria Rodriguez Magda idazle eta filosofoak emandako hitzaldia (‘Gaiztoak, gogaikarriak edo arau-hausleak. Feminismoaren laugarren olatua’ / Malvadas, molestas o transgesoras. La cuarta ola del feminismo’) eta Ayten Amin zuzendari egiptoarraren ‘Souad’ filmaren estreinaldia.

Urriaren 29an (ostirala), Golem Alhondiga zinema aretoetan, Clara Roquet zuzendari bartzelonarraren ‘Libertad’ estreinatuko dugu Bilbon, Canneseko Zinemaldiko Kritikaren Astean eta Valladolideko Seminciren inaugurazio saioan egon ondoren.

26. edizio honetako jarduerek jarraipena izango dute, eta Zinemakumeak gara programazioaren zati bat Bizkaiko Basauri, Erandio, Portugalete, Zalla eta Mungiara hurbilduko da. Horrez gain, bideo sorkuntzarako tailer bat eskainiko du Beatriz Sanchez artista eta performerrak Yohn jauregiko instalazioetan (La Bolsa eraikina), urriaren 18, 19, 20 eta 22an.

Kokapena

Alondegia
Arrikibar Plaza, 4
Bilbo. Bizkaia