Ernai gazte erakundearen jaialdia Oñatin

Data

23.03.18 - 23.03.18

Lekua

Gipuzkoa - Oñati

Liher jaialdian arituko da.
Liher jaialdian arituko da. (NAIZ)

Apirilaren 6,7 eta 8an Ernai gazte erakundeak Gazte Topagunea antolatuko du Elorrion. Ernairen 10. urteurrenaren baitan, ugariak izango dira hiru egun horietan izango diren emanaldi, ekintza, mahai-inguru eta zuzeneko kontzertuak. Horren aurretik Euskal Herriko herri askotan aurkezpenak egiten ari dira, eta bide horretan egun osoko egitaraua antolatu dute Oñatin martxoaren 18rako ‘Debagoienatik dena aldatzen ari gara’ lelopean. Gauean zuzeneko emanaldiak izango dira herrigunean kokatuko den karpan, eta musika festak goizalderarte iraungo du. EH Sukarra, Golpe de Estado, Liher, Skabidean, Lehen Lerroa eta Trikidantz taldeek osatuko dute afixa koloretsua. Sarrerak dagoeneko eskualdeko tabernetan eskura daitezke, eta egunean bertan karpako sarreran ere egongo dira salgai.

Belaunaldi topaketa

Belaunaldi asko batuko dituen afixa prestatu dute gau berezi honetarako. EH Sukarra taldeak 90. hamarraldian aztoratu zuen Euskal Herriko rock eszena. Diskoak eta zuzenekoak pilatu zituzten, eta kantu esanguratsu asko utzi zituzten oroimenerako, eta Oñatiko emanaldian Norton Gorosabel gidari duen taldeak bere musika ibilbidea errepasatuko du. Lozorrotik itzuli den beste talde bat Golpe de Estado talde oñatiarra da. Urteak dira taldeak agur esan zuela, baino ez dute galdu nahi izan larunbateko gaualdia. Punk rock giroko musika lantzen du bandak, kantu zuzen eta oldarkorrekin kolpatuz. Oñatiarrak dira ere Lehen Lerroa osatzen duten musikariak, eta punk oi! giroetan kokatzen dira. Gazteak izan arren, pauso sendoak ematen ari dira, eta horren adibide taldearen estudioko lehen diskoa, edota berriki Añube taldearekin argitaratu duten ‘Auzo zaharra’ kantua.

Rocka eta reggaea

Rock giroetan jarraituz agertokia hartuko du Liher bandak. Taldea ‘EHZH - Eguzkiari azken bira’ biran murgildua da egunotan, eta ‘Eramaten’ izena darama laukoteak sare sozialetan zintzilikatu duen azken kantuak. Rock kantu indartsuak lantzen dituzte, soul arima duten kantu energikoak. Bestelako giroetan iritsiko da Skabidean taldea Oñatira. Ska, rocksteady eta reggaearen bidetik jotzen du banda nafarrak, eta doinu bero eta dantzagarrien bidez ikuslegoak gerriak mugitzea dute helburu. Berriki 40 Minutu rock jaialdian aritu dira; sekulako emanaldia eskaini zuten. Larunbatean Oñati dantzan jartzeko ardura izango dute. Gaualdia Trikidantz taldearen erromeriarekin amaituko da. Goizalderarte luzatuko da gaua, eta apirilean Elorrion ospatuko den Gazte Topagunea berotzeko ezinbesteko txinparta izango da.

Kokapena

Plaza
Plaza
Oñati. Gipuzkoa