Errobiko Festibala, egitarau bereziarekin
2020/08/08 - 2020/08/29
Itsasu
Lapurdi
Bilaka
AIPAMENAK

Koronabirusak eragin krisiak kultur ekimenak baldintzatu ditu eta elkarte ezberdinak egoera berezira egokitzen ari dira. Hori da Itsasun Errobiko Festibala antolatzen duen Ezkandrai elkartearen kasua ere. Aurtengo urterako aurreikusia zen egitaraua arraberritu behar izan dute.

Uda honetan Festibalak 25. urtemuga ospatu behar bazuen ere, datorren urtera arte atzeratu dute ospakizuna. Hala ere, elkarteak kontzertu publikoak eta ekimen artistikoak eskainiko ditu abuztuan Itsasun, «soilik tokiko eta inguruetako artistekin».

Lehen hitzordua abuztuaren 8an izango da, arratsaldeko 17.00etan Itsasuko aerodromoko aterpean. Francis Marmande Baionako kazetari eta jazz kritikariaren historia «harrigarria» ezagutzeko parada izanen da. 1996an bela hegalketarako izan zen hautatua eta Keith Jarrette edo Sonny Rollins bezalako jazz munduko legendak ezagutu ahal izan zituen.

Egun berean, 18.00etan, aerodromoa berak «Airatze» dantza ikusgarria hartuko du. Bilaka dantza taldeko dantzariek gauzatuko dute sormen berezi hau, Alain Zalndunbide makilari itsasuarraren laguntzarekin. Gisa berean, aireplano bat baliatuko dute airezko ballet baterako.

Musikari dagokionez, Julen Achiaryk bateria jo eta kantatuko du. Klarinetean, saxoan eta sopranoan Xabi Setoain ariko da, Jean-Christian Irigoyen Galtxetaburu akordeoian eta Beñat Achiaryk txalaparta joko du, kantatzearekin batera. Ringo Irigoyen soinu kutxa elektronikoarekin izanen da eta Patrick Loustau tronboian.

Beste ekimen bat ere aurreikusirik dute agorrilaren 29rako. Kasu horretan kantuak eta ipuin kontaketak izanen dira Itsasuko herrian.

KOKAPENA
Aerodromoko aterpea
Itsasu
Lapurdi