Erromeria Egun berezia, 20. urteurrenean
2018/07/14
Errenteria
Gipuzkoa
Romeria
AIPAMENAK
Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi, Itsaso Elizagoien, Aiko taldea... Hogei urteko ibilbidean ondoan izan dituzten lagunekin eta gonbidatu bereziekin ospatuko du Ereintza dantza taldeak Errenteriako Erromeria Egunaren 20. urteurrena. Uztailaren 14an dantzaz eta musikaz beteko dira Errenteriako plaza eta karrikak, eta Vilafrancako «casteller»-en partaidetza ere izango da: hiru gunetan jasoko dute 250 pertsonaz osatutako giza gaztelua.

Bi hamarkadatan zehar dantza karriketara ateratzeko egindako lana oroitarazten duen egitarauarekin ospatuko dute urteurren biribila.

Alain Maya dantzariaren esanetan, Gipuzkoako Dantza Sueltoko Txapelketak 50. urteurrena betetzeaz batera, dantza arloan erreferentzialtasuna lortu zuen, baina dantza kalera atera behar zuela ondorioztatu zuten Ereintzako kideek eta hala sortu zen, orain hogei urte, lehen Erromeria Eguna. «Denbora honetan guztian, bilakaera izan dute dantzek, herri mailan ere ikastaroak antolatu dira eta urtez urte joan gara ikusten plazetan dantzan gero eta jende gehiago ari dela».
 
18.00etatik aurrera Zumardian egingo da erromeria. Aurten lau gonbidatu berezi izango ditu: Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien izango dira Aiko taldearekin eta lau musikarirekin batera (Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Puges) erromerian parte hartuko dutenak.

Horiez gainera, Erromeria Eguna ondo ezagutzen duten Txorimaloak (Errenteria Musikaleko trikitilariak), Errenteriako gaiteroak, Oarsoaldeko txistulariak eta Zubietako joaldunak izango dira herria girotuko dutenak. Vilafrancako casteller-ek, 11.30ean hasita, hiru jasoaldi egingo dituzte (Koldo Mitxelena plazan, Xabier Olaskoaga plazan eta Zumardian) eta 12.00etatik aurrera Aiko taldearekin dantza-poteoa egingo da herrian zehar.
 
Erromeriaren aurretik herri bazkaria ere izango da, 14.30ean Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria), 15 euroan (10 euro gaztetxoek). Sarrerak Ereintza elkartean (943526553), Arkaitza tabernan eta Paki dietetika zentroan eskura daitezke.

KOKAPENA
Herriko kaleetan
Errenteria
Gipuzkoa