Euskal Antzerki Topaketak azaroaren 2tik 23ra egingo dira Azpeitian
Data
23.11.02 - 23.11.23
Lekua
Gipuzkoa - Azpeitia
Badatoz Euskal Antzerki Topaketak. Azaroaren 2an hasiko da Euskal Antzerki Topaketen 41. edizioa, eta azaroaren 23ra artean, dozena bat emanaldi baino gehiago ikusteko aukera izango da. Azpeitiko Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean eta kalean izango dira emanaldiak. Konpainia profesionalen nahiz talde amateurren lanek osatuko dute egitaraua; horrez gain, aurten garrantzi berezia emango zaio eskola antzerkiari.
Aurkezpenean izan ziren asteartean Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Aitor Larrañaga Kultura batzordeburua, Garazi Lazkano eta Aitor Bengoetxea Kulturaz Kooperatibako kideak, Xanti Agirrezabala Azpeitiko antzerki tailerren dinamizatzailea eta aktorea, Marina Suarez ‘Badon*’ lanaren zuzendaria eta Zestoako antzerki eskolako kideak.
Kulturaz kooperatibak Antzerki Sormen Laborategia ere jarri berri du martxan. Antzerkiaren arloan, urte osoan egonaldi programak ere eskaintzen ditu Kulturazek Dinamoa sormen gunean. «Neurri batean, lan horren guztiaren emaitza dira topaketak». Hala adierazi zuen Garazi Lazkano Kulturaz kooperatibako kideak. Gazteen antzerki taldeak beteta egotea «pozgarria» dela nabarmendu zuen.
Ines Osinagak sustatutako ‘Badon*’ proiektuak egin du sormen egonaldi horietako bat, eta Azpeitian egingo da haren aurrestreinaldia. Korrika Kulturalaren beka ere jaso du lanak. «Opera garaikide bat» izango dela eta hainbat diziplina batzen dituela azaldu du Marina Suarez zuzendariak, hala nola musika, dantza, poesia eta irudia. «Azpeitikoa aurrestreinaldia izango da, eta guretzat ere sekulako erronka da, lehen aldiz testatuko dugulako publikoarekin». Azaroaren 23an, topaketen azken egunean, izango da Badon*-en aurrestreinaldia, eta hura amaitutakoan emango da topaketetako Ikusleen Saria.
Topaketei hasiera, berriz, Debako Goaz antzerki taldearen Salbe, publikoa lanak emango die. «Eskola antzerkia, urte osoan baldintza xumeagoetan aritzen diren talde herrikoiak eta profesionalak. Saiatu gara balio kate hori guztia kontuan izaten», esan zuen Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak. Talde amateurren artean, aipatzekoa da Zestoako Eromen taldea ere. Azken urteotan ohiko bihurtu da Azpeitian, eta aurten ere 26 ikaslek parte hartuko dute haren Higa antzezlanean.
Euskal Antzerki Topaketen egitarauaren barruan, txotxongiloek ere izaten dute tokia. Azkenengo urteetan erakusketa jarri du Corrado Masacci txotxongilogileak, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Azaroaren 1etik 15era egongo da ikusgai, Betharram udal aretoan.
Berrikuntza gisa, Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin ere elkarlan bat abiatuko da, eta, horren barruan, erakusketa bat eta txotxongiloak egiten ikasteko tailer bat antolatuko ditu zentroak. Tailerra doakoa izango da, baina izena eman beharko da. Bengoetxearen esanetan, «bide baten hasiera» da Topicekin hasitako elkarlana. «Espero dugu elkarlan horrek beste fruitu batzuk ere emango dituela etorkizunean».
Nagore Alkorta alkateak azaldu zuenez, «Euskal Antzerki Topaketek izaten dute oihartzunik handiena herrian, baina, topaketetatik kanpo ere, hainbat proiekturen bidez, antzerkiaren arloan sekulako lana» egiten da herrian; horiek dinamizatzeko Kulturaz kooperatibak egiten duen lana eskertu zuen. «41 urte egin dituzte Euskal Antzerki Topaketek, baina beste urte asko irautea nahiko genuke, eta, horregatik, aurtengo topaketetan garrantzi berezia eman nahi izan diogu eskola umeen antzerkiari», azaldu zuen. Hain zuzen ere, azaroaren 13tik 17ra arteko programazioa eskola antzerkiak hartuko du.
Alkortak gogoratu zuen ume askok antzerkiarekin lehen hartu-emana Euskal Antzerki Topaketei esker izaten dutela. «Aurten ere beso zabalik hartuko ditugu antzerkia egitera eta antzerkia ikustera datozen han eta hemengo haurrak. Izan ere, uste dugu oso garrantzitsua dela etorkizuneko antzezleak eta antzerkizaleak formatzea». Azpeitiko, Zestoako, Bermeoko eta Amezketako ikasleak igoko dira oholtzara eskola antzerkiaren astean. Horrez gain, azaroaren 17an, Eidarbe konpainia profesionalak Piztu! EmakumeON energia antzezlana eskainiko du ikasleentzat.
Bide beretik hitz egin zuen Xanti Agirrezabala Azpeitiko gaztetxoen antzerki tailerren dinamizatzaileak ere. «Alaitz Olaizolak 19 urte daramatza antzerkia irakasten eta nik neuk ere 5 urte. Azpeitian badago zaletasuna gazteen artean, eta horren adibide da talde guztiak beteta ditugula. Aurten indartuta dator eskola antzerkia, eta, akaso, hau izan daiteke bide bat ikusle eta antzezle berriak sortzeko». Horri lotuta, Agirrezabalak kontatu du euskal eszenan eta sortzaileen artean badagoela kezka bat: «Nola hezi ikuslego berri bat, zein izango den gure etorkizuna».
Topaketen webgunean egitaraua eta historia kontsultatzeko aukera dago. Ataria erabili ahal izango da sarrerak erosteko ere. Helduen sarrerak 10 euro balioko du, eta haurrenak 5 euro. Internet bidez ez ezik, Soreasu antzokian eta Sanagustin kulturgunean ere egongo dira salgai sarrerak. Euskal Antzerki Topaketen 41. ediziorako kartela lehiaketa bidez aukeratu da, eta Leire Derteano Lizarralde oñatiarrak egin du.
Kokapena
Soreasu Antzokia
Soreasu Auzunea
Azpeitia. Gipuzkoa