Euskal artistak Sao Pauloko Bienalean
2014/09/06 - 2014/12/07
Sao Paulo
Bienal
AIPAMENAK

Asier Mendizabal eta Juan Perez Agirregoikoa artistak irailaren 6an zabalduko den Sao Pauloko 31. Bienalean parte hartuko dute. Etxepare Euskal Institutuak hitzarmena sinatu du Bienalarekin, euskal egileei babesa eman eta euskal kulturaren zabalkunde lana bermatuko duena. Sao Pauloko Bienalak banakako sortzaileak, artista taldeak, arkitektoak, antzerki taldeak, koreografoak edo soziologoak hartuko ditu, ‘Como falar de coisas que não existem’ lelopean. Bienala berezia izango da aurten, Cicilio Matarazzo Pabiloian egingo baita, hura sortu zuen Oscar Niemeyer arkitekto ospetsua 2012an zendu zenetik lehen aldiz.

‘Hard Edge, Hard Edge’ (2010) bezalako azken eskultura lanen ildoa jarraituta, Asier Mendizabalek 31. Bienalerako egindako lanaren bitartez, Jorge Oteizaren eskultura egitasmoa eta ideiak arte garaikidearen testuinguruan era kritikoan berrezarri nahi izan ditu. Mendizabalek eskulturak jarriko ditu Bienalaren pabiloiaren hainbat tokitan, eta guztiek 1960an Oteizak Cesar Vallejo poeta peruarrari Liman eskaini zion monumentua izango dute oinarri.

Bestalde, Juan Perez Agirregoikoak Pier Paolo Pasolinik 1964an zuzendu zuen ‘Ebanjelioa San Mateoren arabera’ filman oinarritutako pelikula bat aurkeztuko du Sao Paulon. Pasoliniren pelikulak, Biblian oinarrituta zegoenak, ez zituen jaso idatzita dauden hainbat pasarte, eta pasarte horiek –inbertitzailea saritu eta enpresa mailan porrot egiten duena zigortzen duen parabola, kasu– mendebaldeko kapitalismoaren diskurtsoaren funtsa osatzen dute, Perez Agirregoikoaren arabera.

KOKAPENA
Parque do Ibirapuera
Cicilio Matarazzo Pabiloia
Sao Paulo