Euskal Herriko Banda Lehiaketa
2020/01/10 - 2020/02/27
Gasteiz
Araba
Gasteiz
AIPAMENAK

Gasteizko txosnek 40 urte beteko dituzte aurten eta urte guztian zehar hainbat ekimen antolatuko dituzte. Hauetan lehena Banda Lehiaketa izanen da.

«Helburua, besteak beste, talde ezezagunei eszenatoki gainean aukera bat ematea izango da», adierazi dute. Horretarako, edozein taldek hartu dezake parte txapelketan, gaur bertan ireki den eta otsailaren 27ra arte luzatuko den izenematearen bitartez.

Izena emateko txosnen webgunean formulario bat betetzea baino ez da behar, eskatzen diren datuak txertatuz. Horretaz gain, bere ekoizpeneko hiru abesti bidali beharko ditu taldeak.

Bai ekimen honetan bai antolatuko dituzten gainontzekoetan «parte hartzea» izango da oinarri nagusia, «Gasteizko jaiak aurrera ateratzeko egiten dugun fisolofia mantenduz».

Behin talde guztiek izena emanda, martxoaren 5etik 12ra 8 talde sailkatuak iragarriko dituzte Gasteizko txosnek eta hauetako lau finalera igaroko dira. Lau horietatik, ikuslegoak bat aukeratuko du. Beste hirurak txosnetako epaimahaiak erabakiko ditu. Azpimarratu dutenez, hiru horietatik gutxienez bat Arabakoa izanen da eta gutxienez batek emakumeen presentzia izan beharko du.

Lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute matxoaren 26an Jimmy Jazz Gasteiz aretoan. Irabazleak txosna gunean joko du arabar hiriburuko jaietan eta 500 euroko saria ere jasoko du.

Banda lehiaketan izena ematen duten taldeek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Alde batetik, musika taldeek ezin dute diskoetxeren batekin indarrean dagoen kontraturik izan eta talde bakoitza izen bakarrarekin aurkeztu daiteke, nahiz eta musikariak, maila pertsonalean, talde ezberdinen partaide izan daitezkeen.

KOKAPENA
Gasteiz
Araba