Euskal irudigileen sektorearen erretratua, erakusketa ibiltari batean
Data
23.09.07 - 23.09.28
Lekua
Bizkaia - Bilbo
2003. urtean, Euskal Irudigileak elkarteari alta emateko paperak egitera joan zirenean, Erregistroan ez zekiten non sartu: aktoreak, toreroak, saltinbankiak... Bi hamarkada hauetan sektore honek –gaztea, feminizatua, eta estiloz anitza denak– nazioartean duen presentziaz etxekook ez gara jabetu. Honi aurre egiteko , irailaren 28ra arte, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak ‘Euskal Irudigileak, 20 urte’ erakusketa hartu du. Bertan, 173 lan indibidualen bidez, ilustrazioak Euskal Herrian mende honetan izan dauen bilakaera, maila eta garrantzia erakusten da.
«Ilustrazioa oso presente dago gure bizitzetan. Ezinezkoa da irudirik gabeko errealitate bat imajinatzea. Gure gizartean presente egon arren, egileen lana ezezaguna izan ohi da», irakur daiteke erakusketaren katalogoan. Ados, baina non aurki ditzakegu zehazki ilustrazioak? Bururatzen zaizkigunak betiko ‘klasikoak’ dira: haurrei zuzendutako liburuak eta komikiak.
Maria Altunak (Zizurkil, 1988), elkarteko lehendakariak, zerrenda luzatu digu: «Toki askotan gaude, euskarri asko daudelako: ez da soilik umeen liburuetan, banketxeetako karteletan, prentsan, jaialdien iragarkietan, autobusetako diseinu grafikoan... gaude, eta ez zara konturatzen hor atzean pertsona bat dagoela!».
Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan dago, Hurtado de Amezaga kalean, Bilboko erdigunean, Euskal Irudigileak elkarteak bere sormenaren 20. urteurrenaren karietara prestatu duen erakusketa ibiltaria. Donostiako Literaktum jaialdian ikusiko da ondoren, euskal hiriburuetan zehar egingo duen biran, eta gero, Latinoamerikako jaialdirik ospetsuena den Mexikoko Guadalajarako FIL azokara. Nazioarteko azoketan euskal irudigileek izan duten presentzia ez da txantxetakoa.
Zeren nork pentsatuko zukeen, orain urte batzuk, aurki hasiko den Donostiako Zinemaldia manga batekin inauguratuko zenik –Hayao Miyazakiren ‘The Boy and the Heron’– edo Urrezko Maskorraren lehian euskal zinemagile baten animazio film bat egongo zenik, Isabel Herguera donostiarraren ‘Sultanaren ametsa’ legez? Eta uztailean pasa den Tour-aren kartela euskal ilustratzaile batek, Raisa Alavak, egingo zuenik? Berdin, Itzuliarekin: «Lortu zen, eta erabaki zen Euskadi saria irabazten zuenak Itzuliko kartela egingo zuela. Erakusketan duzu aurtengoa, Maite Mutuberriak egin duena», argitu du Maria Altunak.
Zer aldatu da? Lehen, mota horretako argitalpenak frikien kontuak ziren... «Nik uste dut prestigioa irabazi duela –dio Asier Iturraldek, elkarteko lehendakariordeak erakusketan bertan–. Lehen umeentzako gauza bat edo bazterretan zegoen zerbait zen, frikia, eta orain, prestigioa irabazi du. Ez du lotsarik ematen komiki bat erosteak [barreak] edo animazio pelikula bat ikustera joateak, orain ‘jakintsuen’ kontu bat delako. Gainera, orain arte argazkigintzak izan du sekulako indarra gauzak iragartzeko, eta sumatzen dut horrek asko galdu duela; guk, ordea, irabazi egin dugu eremu hori. Eta horregatik sartu gara toki askotan».
Kokapena
Bizkaiako Batzar Nagusiak
Hurtado de Amézaga, 6
Bilbo. Bizkaia