Euskal Zinemaren Asteak 2020eko film nabarmenenak eskainiko ditu

Data

21.02.22 - 21.02.27

Lekua

Araba - Gasteiz

‘Akelarre’. (NAIZ)

Gasteizko Euskal Zinemaren Asteak –Vital Fundazioak antolatutakoa– Arabako publikoarekin duen hitzorduari ez dio hutsik egin nahi baina pandemiak ezarritako mugetara egokitzeko zenbait aldaketa ekarriko ditu. Hala, 37. edizio hau otsailaren 22tik 27ra bitartean egingo da Vital Fundazioa Kulturunean eta ordutegia 18.30era aurreratu dute.

Horrela, eguneroko emanaldia eta ondorengo solasaldia mantenduko dira, eta 21.00etarako ezarritako jarduera etetea beteko da. Film laburrak saio berean proiektatuko dira guztiak, asteazkenean, hilak 24.

«Ez da aldatu Vital Fundazioak egindako ahalegina 2020an zehar euskal profesionalek egindako edo ekoitzitako zinema lanik onenak ekartzeko. Arrakasta handiko urtea izan da, besteak beste, ‘Akelarre’, ‘Ane’ eta ‘Baby’, hiruren artean Goya sarietarako 16 izendapenen dituzte-eta», azpimarratu du Arantxa Ibañez de Opacuak, antolatzailea den Vital Fundazioko zuzendariak.

Euskal Zinemaren Asteak jaialdi parte hartzailea izan nahi du eta saioetako publikoak epaimahai lanak egingo ditu. Emanaldiak amaitu ondoren, aretoan dauden ikusleek film luze eta film labur onena aukeratzeko bozka eman ahal izango dute. Otsailaren 27an, larunbatean, emango dira ezagutzera emaitzak, itxiera galan. Ekitaldi horretan, sari banaketa egingo da eta Gutariko Bat saria emango zaio Arabako zinemagintzako profesional ospetsu bati.

Inaugurazio galan ‘Akelarre’ filma izango da protagonista. Asteartean ‘Hil kanpaiak’ filma izango da ikusgai. Miren Gorrotxategiren eleberri batean oinarrituta dago eta Imanol Rayo du zuzendari. Aktoreen artean Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez nabarmendu daitezke.

Asteazkena aukeratu da film laburren emanaldietarako, eta, besteak beste, Paul Urkijoren ‘Dar Dar’, Aitor Lopez de Aberasturiren ‘Buruak’, Estibaliz Urresolaren ‘Polvo somos’, Andoni Mz. de Madinaren eta Julen de la Sernaren ‘Buen Plan’ eta Beñat Fontanedaren ‘Ni una más’ izango dira ikusgai. Film labur guztiak zuzendari arabarren lanak dira.

‘Ane’ ostegunean emango da. David P. Sañudo du zuzendari eta aktore nagusiak Patricia Lopez Arnaiz, Mikel Losada, Jone Laspiur, Aia Kruse, Nagore Aranburu, Gorka Aguinagalde eta Fernando Albizu dira.

Juanma Bajo Ulloa zuzendari arabarra da ‘Baby’ lanaren buru eta gidoilari ere, ostiraleko saiorako aukeratutako filma. Bingen Mendizabal da musikaren arduraduna eta aktoreen artean honako hauek ikus daitezke: Natalia Tena, Harriet Sansom Harris, Rosie Day, Charo Lopez, Mafalda Carbonell, Susana Soleto edo Carmen San Esteban.

Mireia Gabilondoren ‘Erlauntza’ filmak itxiera galarekin eta sari banaketarekin partekatuko du protagonismoa larunbatean. Leire Ruiz, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Itziar Atienza edo Naiara Arnedo ditu aktore, besteak beste.

«Abonuen eta sarreren prezioak aurreko edizioetan baino merkeagoak izan daitezela erabaki dugu Vital Fundazioan, pandemiak kulturan sortu duen krisia dela-eta, jendeari emanaldietara joan dadila errazteko asmoz», azpimarratu du Ibañez de Opacuak.

Euskal Zinemaren Asteko jardunaldi guztietarako abonua erosi nahi dutenek, 9 euroko prezioan, edo 2 euroko sarrerak, webgunearen bidez egin ahal izango dute, edo Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea 24), astelehenetik ostegunera 8.30etik 14.00etara eta 16.30etik 18.30era, eta ostiralean 8.30etik 14.00etara. Halaber, egun bakoitzeko saiorako sarrerak leihatilan ere eskura daitezke (Vital Fundazioa Kulturunea, Bakea 5, Dendarabako 1. solairua), emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, sarrerarik salgai balego.  


Kokapena

Vital Fundazioa Kulturunea
La Paz, 5
Gasteiz. Araba