Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekarpen artistiko-kulturala
2018/10/04 - 2019/03/16
Zenbait herrialde
Euskaltzaindia
AIPAMENAK

Bost egitasmok osatzen dute Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekarpen artistiko-kulturala. Hainbat talde edo konpainiarekin elkarlanean egin dira proiektuak, eta urtemuga berezi honek irauten duen bitartean plazaratuko dira.

Mendeurreneko ekintza artistiko-kulturalak urriaren 4an abiatuko dira Arantzazun, ‘Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan’ irakurraldi dramatizatuarekin.

Urriaren 5ean, ‘Mende berria kantuz’ kontzertua eskainiko du Euskeria abesbatzak, Donostiako Orfeoi Gazteak eta Lauko Quartet taldeak lagunduta.

Tartean Teatroa taldearekin batera antolaturiko ‘Ghero’ antzerki lana azaroaren 20an aurkeztuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Antzelanak Patxo Telleriaren gidoia du, eta Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Ane Pikaza dira aktoreak.

Bestalde, Bilboko Udalaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, hamar kontzertu akustiko eskainiko ditu Euskaltzaindiak, ‘Astelehen-Astearte Buruzuriak’ zikloetan, urrian eta azaroan. Sei saio Bilbon egingo dira –bost Euskaltzaindiaren egoitzan eta bat BIRA espazioan–, eta beste laurak Donostiako ordezkaritzan. Amorante, MICE, Zuriñe eta Fran (Hesian), Mikel Urdangarin, Nizuri Tazuneri eta Pauline eta Juliett igaroko dira kontzertuetatik.

Gainera, Aukera dantza konpainiaren ‘Biz Hitza’ ikuskizunaren lehen emanaldia 2019ko martxoaren 16an izango da, Bilboko Arriaga antzokian. Munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du, dantzaren bidez.

KOKAPENA
Zenbait herrialde
LOTURAK