Euskararen Eguna, nazioartean
2019/11/25 - 2019/12/16
Zenbait herrialde
Euskararen_eguna
AIPAMENAK

Euskararen Eguna nazioarteko zenbait txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren bidez. Horrela, euskal kultura edota euskararekin erlazionaturiko izaera ezberdineko ekintzak izango dira Amerikako eta Europako 11 hiritan.

Txileko Santiago, Boise, Mexiko Hiria, Poznan, Helsinki, Paris, Frankfurt, Chicago, Berlin, Konstantza eta Bartzelona izango dira hiri horiek, eta ekintzak azaroaren 25etik hasita abenduaren 16ra bitarte garatuko dira.

Bartzelona izan da ekintzekin hasten lehena: bertsolaritza, feminismoa eta film laburrak izan dira egitarauaren protagonista. Txileko Santiagon munduko txoko ezberdinetako sukaldaritzari lotutako ekimena ospatuko da azaroaren 30ean. Amerikan jarraituz, hurrena AEBetako Boise hirian izango da: abenduaren 2an, euskal zinema izango dute, eta 3an, euskal gaien inguruko argazkilaritza txapelketa baten finala.

Mexiko Hirian ere izango da ekintzarik; euskal ipuingintzan oinarritutako antzerki rallya ospatu dute, azaroan zehar garatu dena, eta Euskararen Egunean bertan ospatuko dute rallyaren finala. Egun berean, Chicagon, euskara eta feminismoa ardatz dituen hitzaldia izango dute eta, ostera, pintxo jatea.

Halaber, Berlinen ere ekitaldia antolatu dute Euskararen Egunean, arratsaldez: euskara ikastaro laburra eta poesia irakurketa izango dira, jatekoaz eta edatekoaz gain. Alemanian jarraituz, Konstantza hirian euskararen txokoa antolatu dute unibertsitatean, euskal hizkuntzari eta kulturari buruzko informazioa banatuz eta pintxoak eskainiz, bai eta film emanaldia ere.

Era berean, Helsinkin, Euskararen Egunaren ospakizun jaialdia egingo dute abenduaren 5ean, herri kirolak, euskal dantza, kontzertua eta beste hainbat tradizio praktikan jarriz.

Parisen, dokumental baten proiekzioa eta osterako euskal kantagintzari buruzko hitzaldia antolatu ditu irakurletzak, abenduaren 6rako, bai eta bertsolaritza lantegi praktikoa ere.

Azkenaurreko ekintza Frankfurten izango da abenduaren 11n: euskarazko rapari buruzko hitzaldi musikatua egingo dute, eta ostera praktikan jarri.

Amaitzeko, Poloniako Poznan hirian, batetik, euskal gaiei buruzko erakusketa bat eta film laburren emanaldiak izango dira abenduaren 3an, bestetik, abenduaren 16an, hizkuntza eta kolektibo gutxituetako ikus-entzunezko eduki digitalei buruzko mahai ingurua.   

KOKAPENA
Zenbait herrialde
LOTURAK