‘Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan’ erakusketa zabalik Artiumen

Data

20.12.18 - 21.12.31

Lekua

Araba - Gasteiz

Komisarioak, ireki berri den erakusketan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Artium museoak ‘Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan’ erakusketa jarri du ikusgai martxoaren 21era arte. Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren lehen sei edizioen (1985-1990) kultura-testuingurua aztertzen du. Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomez Egiluzek komisariatutako proiektua da, eta Artium Museoak Komisario Berriak 2020 programan hautatu du.

Lehen urte horietan, mahai-inguruen eta aretoetako proiekzioen bidez, Estatuan eta nazioartean egiten ari ziren pieza bideografikoak ezagutzeko esparru bat sortu zen. Lehen edizioko arrakastak bigarren edizio bat ahalbidetu zuen, euskal eszena artistikoaren bideoaren aldeko apustua sendotuko zuena. Ipar Amerikako eta Europako eraginak hurbiltzeko asmoa 1987tik aurrera indartu zen, eta baita telebista-plataformarekin eta bideogintzaren prestakuntzarekin eta industriarekin harremanetan jartzeko asmoa ere.

‘Ez dakit zer pasatzen den…’ Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomez Egiluzek komisariatutako proiektua da, eta Artium Museoak hautatu du Komisario Berriak 2020 programan. ‘Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian’ erakusketaren aldi kronologikoan kokaturik, 1980ko hamarkadako euskal testuinguruan garatutako praktika eta kategoria kulturalak berrikusteko azterketa-kasu gisa funtzionatzen du.

Erakusketan 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean lehiaketara aurkeztu zirenen arteko dozena bat bideo musikal daude ikusgai. Gainera, jaialdiarekin lotutako urte horietako dokumentazio sorta zabala biltzen du: katalogoak, argazkiak eta prentsako artikuluak, besteak beste.

Zinemaldiaren iragarki-kartelak ere aurkezten dira, Mintxo Cemillán (1985), Carlos Marcote (1986), Fernando Illana (1987), Javier Hernandez Landazabal (1988) eta Juan Carlos Eguillor (1990) artistek egindakoak. 1989ko kartelaren egilea ezezaguna da. 



Marivi Ibarrola kazetari eta argazkilariaren argitaratu gabeko artxiboko argazki multzo esanguratsu batek ere leku nabarmena du. Jaialdia sustatzeko bideo batek eta Pedro Espinosa musikari eta kazetariak 80ko hamarkadan egindako aire zabaleko kontzertuen grabazio sorta batek osatzen dute erakusketa.
 

Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomez Egiluzek komisarioen proiektuaren aurkezpena egingo da 
ostiral honetan 18.00etan, Museoaren Emanaldi aretoan. Streaming bidez ikusi ahal izango da www.artium.eus-en eta Artiumen Youtube kanalean.

Gainera, bisita gidatuak antolatu dira abenduaren 26an 17.30ean eta urtarrilaren 2an, 12.30ean. Azkenik, mahai ingurua antolatu da. Mugimendu alternatiboa eta aldarrikatzailea Gasteizko kultura-testuinguruan 80ko hamarkadan’ gaia jorratuko da 2021eko otsailaren 24an.

Kokapena

Artium museoa
Francia, 24
Gasteiz. Araba