Eztena arte eszenikoen jaialdia abiatu da Errenterian

Data

21.06.13 - 21.06.20

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Kartela. (NAIZ)

Zizt! eta Mikelazulo kultur elkarteen eskutik Eztena jaialdia egingo da Errenterian. Arte eszenikoen jaialdiaren hamairugarren edizioa igande honetan hasi eta ekainaren 20ra bitartean luzatuko da.

«Pandemiak gure egunerokotasuna baldintzatu zuenetik, Eztena jaialdiak antolatuko duen bigarren edizioa da aurtengoa. 2020koa atzeratu –irailetik abendura ospatu zen– eta egitarau osoari eutsi egin zitzaion. Aurten, egoerara moldatutako egitaraua sortu dugu hasieratik: urtero kale ikuskizunak, laborategiak eta esperimentuak egin ohi baditugu ere, aurten emanaldien programazioan jarri dugu energia osoa, Eztena bilakatu den erakusleihoari eusteko eta, ohiko moduan, antolakuntza mailan zein edukietan arriskuak hartzen dituzten proiektuei plaza bat emateko», kontatu dute antolatzaileek.

«Hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo jaialdiaren ardatza: egoera honetan ere, antolakuntza modu kolektiboen alde, ikerketaren alde, esperimentazioaren alde osatzen dituzte beren proiektuak talde, kolektibo eta sortzaile askok», gaineratu dute.

Zortzi egunez, ekainaren 13tik 20ra –14an izan ezik–, egunero egongo dira emanaldiak. Aipatzekoa da Dejabu Panpin Laborategiaren ‘Naon tokin’ proiektuaren estreinaldia ekainaren 18, 19 eta 20ean. Errenteriako liburutegi zaharrera bertaratzen direnek esperientzia berezia biziko dute orain gutxi liburuz hustu den –Lekuona Fabrikara lekualdatu dute liburutegia– eraikinean. Solairuz solairu, gelaz gela, ibilian, aurikularrak lagun, norbere buruari eta kolektiboari begiratzen dion bidaia sentsorialaz gozatuko dute bisitariek. 

Horrez gain, astean zehar elkargune gisa funtzionatu nahi duten bi saio antolatu dituzte, estreinako aldiz, Lekuona Fabrika kulturgune berrian. Batetik, arte eszenikoetako liburugintza protagonista izango da. Ekainaren 15ean, Eztena-liburuak kolekzioko ale berria aurkeztuko dute, egileen eskutik, Eider Perez ‘Adeletx’ eta Sra. Polaroiska. Iazko edizioan, Sra. Polaroiskak ‘Alamedako dantzaldia’ izeneko performance sonoroa egin zuen, irratsaio parte hartzaile modura, herrian oinarritutako ikerketa batetik abiatuta.

Ekitaldi hura Errenteriaren 700. urteurrenaren harira antolatu zen, Eztenaren egitarauaren barruan. Libururako, Eztenak enkargua egin dio Eider Perezi, esperientzia hartan oinarrituta sorkuntza propioko lan bat egiteko.

Egun horretan bertan, Ganbila euskarazko antzerki bildumaren irakurketa dramatizatua eskainiko du Durangoko Karrika antzerki taldeak, Patricia Urrutiak zuzenduta. Ekainaren 17an, berriz, gogoeta egiteko beste aukera bat. Maringurua saioan, ‘Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko eszenan’ liburuko edukiei tiraka gogoetak partekatuko dituzte publikoarekin egileek, solasaldia eta performancea uztartuz. Gidariak Eneritz Artetxe, Maider Galarza eta Idoia Hernandez ‘Hatxe’ izango dira.

«Sortzaileak eta, oro har, kultur eragileak saretzea izan da Eztena jaialdiaren hasierako helburuetako bat», gogoratu dute. Horren harira, ekainaren 18an Gasteizko lau konpainia gonbidatu dituzte, ‘Orereta Meets Gasteiz’ izeneko saioan. Saio honen helburua Gasteizko antzerki mugimenduaren lagin batzuk eskaintzea da, eta sortzaileen arteko elkar ezagutza
bultzatzea.

Horrekin guztiarekin batera, bere lehenengo lana aurkeztuko duen talde bati babesa eman nahi izan diote: Formol kolektiboak ‘Album’ izeneko piezaren aurrestreinaldia eskainiko du, Lekuonan egonaldia egin ostean. Lan hau udazkenean estreinatuko da, Zubi deialdiaren barruan. Emanaldia ekainaren 19an izango da, Lekuonan bertan.

Kokapena

Lekuona Fabrika Kulturgunea
Ugarritza hiribidea, 1
Errenteria. Gipuzkoa