Gararock jaialdia Mendaron

Data

22.09.24 - 22.09.24

Lekua

Gipuzkoa - Mendaro

Las Furias punkrock banda
Las Furias punkrock banda (Music Snapper)

Musikazale askorentzako Mendaron ospatzen den Gararock jaialdia harribitxi bat da. Ohiko afitx komertzialetik urrun, musika proposamen interesgarriek osatzen dute jaialdiaren talde zerrenda, eta aurtengorako ere, jaialdiaren seigarren edizioa den honetan, luxuzko afitxa aurkeztu dute.

Garagartzako paraje ederrean ospatzen den jaialdia 18:00etan hasiko da, eta musika eskaintzak ez du etenik izango gauerdirarte. Las Furias, Maraca Diablo, Inoren Ero Ni, Vulk eta Lie Detectors taldeek osatuko dute jaialdiko afitxa, eta emanaldi guztiak doakoak izango dira. Bide horretan ez da edatekoa zein jatekoa faltako, prestatu den Food Truck guneari esker.

Egunez hasi

Las Furias taldeak zabalduko du musika festa 18:00etan. Bartzelonan sorturiko taldea da honakoa, tartean Donostiako musikariekin, eta musikalki Rock&roll giro beroetan jarduten du bandak. Ez hori bakarrik, punkrockaren zikintasuna dute eta garagearen distortsioa bere kantuetan. 2006 urtetik martxan zuzeneko lehergailua dira.

Ondoren Inoren ero Ni bandaren txanda izango da. Ez ditu kontzertu gehiegi eskaintzen banda gipuzkoarrak, eta beraz, aukera ederra izan daiteke honakoa banda zuzenean ikusteko. Maraca Diablo taldeko kideek etxean jokatuko dute. Munlet taldean ibilitako Ina Iriondo eta Anita Perez musikariek martxan jarritako egitasmoa da honakoa, bidean, Rafa Furnier, Josu Iriondo, Soraia Urbieta eta Asier Etxaniz batu dira, eta formazio horrekin grabatu dute Mendaron aurkeztuko duten taldearen izen bera damaman diskoa.

Gauez amaitu

Gaua iristean erritmo oldarkorragoak nagusituko dira eta hor iritsiko da Vulk talderen tartea. 'Vulk Ez Da' diskoaren aurkezpenetan dabil laukote bilbotarra eta dagoeneko ongi olioztatua dute banda. Rocka, post-rocka eta haratago doazen erritmo eroen bidez urteko diskorik interesgarrienetarikoa sinatu dute.

Amaitzeko, Lei Detectors taldea igoko da agertokira. Musika eta dibertsioa. Dantza eta algara. Izerdia eta sukarra. Donostiako taldeak dantzan jarriko ditu ikusleak, Gararock jaialdiak merezi duen ginda jarriaz.

Kokapena

Garagartza
Garagartza
Mendaro. Gipuzkoa

Loturak