Gari, Segura eta Hondarribian

Data

24.07.12 - 24.07.12

Lekua

Gipuzkoa - Segura

Garik ‘Behin bizitzea’ diskoa aurkeztuko du bakarkako saioan.
Garik ‘Behin bizitzea’ diskoa aurkeztuko du bakarkako saioan. (GARI)

Gari musikariak ‘Behin bizitzea’ diskoa argitaratu du aurten Elkar diskoetxearen babesean, eta estudioko lan berria kalean, zuzeneko emanaldietan murgildua da egunotan. Asteburu honetan bi emanaldi eskainiko ditu, biak moldaera ezberdinetan. Ostiral arratsez Segurako udaletxeko lorategian ariko da, 19.00etatik aurrera, bost euroen truke. Bakarkako saioa eskainiko du, gitarra lagun bakar. Sarrerak egunean bertan jarriko dira salgai emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Larunbatean, berriz, Maldanbera taldea izango du ondoan kantuak janzteko, Hondarribian. Gipuzkoa plazako agertokian joko dute 19.00etan, doakoa izango den emanaldian.

Bakarka

Gariren ezaugarri nagusietako bat bere ahotsa da. Hertzainak taldeari nortasuna eman zion urteak atzera, eta bere bakarkako bidean ere ahotsak izan du protagonismoa kantuetan. Ahots hautsia du egun, urratua, eta aldi berean melodikoa eta ederra. Kantuak gitarra eta ahotsez sortzen ditu bere etxeko goxotasunean, eta formatu horretan taularatuko da Segurako emanaldian. Artifiziorik gabe, kantuak jatorrian sortuak izan diren bezala joko ditu.

Maldanbera

Azken urteetan Maldanbera izeneko taldeaz aritzen da Gari zuzeneko emanaldietan. Miguel Moyano (gitarrak eta teklatua) musikariarekin aspaldi abiatu zuen harremana, eta bien artean gauzatu dute egungo soinua. Oier Aldekoa (baxua), Iker Lauroba (teklatua eta ahotsa) eta Alex Alonso (bateria eta programazioa) musikariek osatzen dute taldea egun.

Musikalki giro ilunetan sakontzen du Garik egun banda formatuan, rock musika zutabe nagusi, folkari edota elektronikari keinuak eginez atmosferak eta garapenak nagusi diren egungo doinuetan. Ohiko rock taldearen oinarrizko tresnekin batera, teklatuek eta sintetizadoreek indarra hartu dute eta honek norabide berri bat eman die abestiei.

Kokapena

Udaletxeko Lorategian
Udaletxeko Lorategian
Segura. Gipuzkoa

Loturak