Gasteizko 45. Antzerki Jaialdia
2020/10/07 - 2020/12/21
Gasteiz
Araba
Gasteiz1
AIPAMENAK

Urriaren 7tik abenduaren 21era bitartean, Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45. edizioak 33 ikuskizun eskainiko ditu. Horietako 21 euskal konpainienak dira eta bederatzi euskaraz. Antzezlanetako batzuk berriro programatu dira, osasun krisia dela-eta bertan behera geratu ondoren.

Antolatzaileen esanetan, jaialdi ezberdina izango da aurtengoa, «0 kilometroko jaialdia, tokiko sortzaileen bandera izateagatik gogoratuko dena, publikoari, artistei eta sektoreko langileei antzokietan segurtasun eta normaltasun sentsazioa itzultzeagatik».

Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 45. edizioa urriaren 7an, 8an eta 9an inauguratuko da, Principal antzokian, euskal sortzaileen zenbait proiekturekin eta estatuan arrakasta handia izaten ari den lan batekin. Urriaren 7an, Proyecto Larruaren ‘Ojo de Buey’ izango da; urriaren 8an 'Prostitución', Carmen Machi protagonista dela, eta urriaren 9an Zanguazo Teatro taldearen 'Aquí va a pasar algo' lana.

Egitarauak erabateko lau estreinaldi barne hartzen ditu: Proyecto Larruaren 'Ojo de Buey' lanaren aretorako bertsioa; 'Una noche sin luna', Sergio Peris-Menchetak zuzendu eta Juan Diego Botto protagonista duen lana, eta 'Sisiforen paperak/Los papeles de Sísifo', euskaraz eta gaztelaniaz, Gasteizko Principal, Donostiako Victoria Eugenia eta Bilboko Arriaga antzokiek eta Espainiako CDN antzerki zentroak elkarlanean ekoitzia. Harkaitz Canok idatzi du lana, eta Iñaki Rikarte da protagonista, besteak beste.

Gainera, Gasteizko Antzerki Jaialdiak sorkuntza eszenikoari laguntzeko bi deialdiei eutsi die: 'Off Local' eta 'Enred@dos'.

Jaialdiak hizkuntza eszeniko berrien eta programazio ausartenen alde egiten jarraitzen du, bai dantza eta antzerki proposamenetan bai JIM Aktual zikloan, antzezlan berritzaileenak bilduz.

Bestalde, familia osoarentzako lau lan ere aurkeztuko ditu Gasteizko Jaialdiak, formatu ezberdinetakoak (dantza eta antzerkia), eta, ildo horretan, berrikuntza bat iragarri dute antolatzaileek: «2020an lehenengo haurtzarorako Mapping europar jaialdian lan egiten hasi gara, Udal Antzoki Sareak antolatuta Teatro Paraíso taldearen laguntzarekin. Horri esker, Gasteizko publikoak haurrentzako proposamenez beteriko jaialdi handi batez gozatu ahalko du 2021eko azaroaren 19tik 28ra».

Aurrekari gisa, 2020an sortzaile, familia eta irakasleen arteko lantegia egingo da, 2021eko Mapping jaialdia diseinatzeko partaidetza prozesua garatzeko. Horrez gain, topaketa bat egingo da sarean, Titulartasun Publikoko Antzoki eta Entzunaretoen Espainiako Sarearen lankidetzarekin, esperientziak partekatzeko eta Gasteizko Antzerki Jaialdiko 'Haurtxoak Proiektua' programaren ibilbidea laburtzeko, Euskal Herrian aitzindaria izan baita.

KOKAPENA
San Prudencio Kalea, 29
Principal eta beste lekuak
Gasteiz
Araba