Gasteiztarrak Arraun The World
2019/07/05 - 2019/09/21
Gasteiz
Araba
Arraun_the_world
AIPAMENAK

Oihaneder euskararen etxeak eta Gauekoak elkarteen federazioak Gasteiztarrak Arraun The World udako argazki-hizki lehiaketaren bosgarren edizioa jarri dute martxan, eta nahi duen guztiak argazki eta hitzen bitartez kontatu ahal izango du udan munduan zehar egindako bidaia.

Parte hartzeko epea irailaren 21era bitartekoa izango da, biak barne, eta lan onenen egileek Durangoko Azokaz gozatzeko asteburu pasa kulturala irabaziko dute.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, orain arteko bideari jarraituz, parte hartzeko 20 argazkidun sorta aurkeztu behar da, argazki sortari eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarrita. Horrekin batera, egindako bidaiaren azalpen laburra bidali behar da (1.500-2.000 karaktere).

Gainera, lehiakide bakoitzak sortako argazki bat aukeratu eta Facebook, Twitter edo Instagram sare sozialera igo beharko du, bere argazki sortaren izenburua zehaztuz.

Gazteen parte hartzea sustatzeko bi adin kategoria ezarri dira: 18-30 urte eta 30 urtetik gora. Argazki-hizki lehiaketara aurkeztutako lanen artean lau argazki sorta sarituko dira: 250 euro sorta bakoitzeko. Kategoria bakoitzeko bi sari emango dira. Saritutako lanen egileek abenduan Durangoko Azokan asteburu pasa irabaziko dute: bi pertsonentzako bi gauko egonaldia Durango ondoko Garaiko landetxean (150 euro) eta azokan gastatzeko 100 euroko bonua.

Udazkenean, lehiaketan saritutako lau argazki sortekin erakusketa egingo da Oihaneder euskararen etxean, eta pantaila digital batean lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak ikusi ahal izango dira.

Horrekin batera, lau irabazleek aurkezpen publikoa prestatu beharko dute, egindako bidaia argazkien bitartez kontatzeko. Aurkezpenak Gasteizko lau auzo desberdinetan antolatuko dira, euskararen normalizazioan lan egiten duten GEU, Zizta eta Sarburu elkarteekin elkarlanean.

KOKAPENA
Fray Zacarias Martinez Kalea, 2
Oihaneder euskararen etxea
Gasteiz
Araba