Gatibu: ‘20 urte bixotzetik’
2020/11/07
Bilbo
Bizkaia
ETIKETAK: Euskalduna
Gatibu
AIPAMENAK

Gatibuk bi kontzertu eskainiko ditu Euskalduna jauregian, azaroaren 7an. Hogei urteko ibilbidea omentzeko prestatu duen ‘20 urte bixotzetik’ izeneko ikuskizuna eskainiko du.

Hasieran kontzertu bakarra zegoen iragarrita, baina, sarrerak berehala agortu zirenez, egun berean bigarren emanaldi bat eskainiko du talde gernikarrak.

Hogei urteko ibilbide oparoa omentzeko Gatibuk iragarria zuen ‘20 urte bixotzetik’ kontzertuak sekulako arrakasta izan du aldez aurretik; izan ere, azaroaren 7rako antolatua zen emanaldira sarrerak 24 orduren buruan agortu ziren.

22.30etako kontzerturako sarrerarik dagoeneko ez da gelditzen eta bigarrena 19.00etan izango da.

‘20 urte bixotzetik’ «aukera paregabea izango da, banda mitikoaren eta bere ikus-entzule leialenen arteko musika topaketa baita, elkarrekin egindako bidea eskertzeko, zalantza barik taldearen historian mugarria markatuko duen eta bihotzetik eginda dagoen kontzertuan», iragarri dute Euskalduna Jauregiko iturriek.

2000. urtean, Alex Sardui buru duen eta Haimar Arejitak, Gaizka Salazarrek eta Mikel Caballerok osatzen duten taldeak rock-a euskaraz konposatzeari eta interpretatzeari ekin zion. Urtebetera lehenengo diskoa, ‘Zoramena’, grabatuta zuten eta, ondoren, beste zazpi disko eta ehunka kontzertu etorri dira.

Euskaraz egindako rock and roll-az betetako hogei urte horiek elkarrekin ospatuko dituzte taldeak eta ikus-entzuleek, Gatibuk atzera begiratu, bere ibilbideari buruz gogoeta egin eta etorkizunerantz aurrera egiteko bultzada hartu gura duen kontzertuan.

Konfinamenduaren ostean NAIZ Konzertuak dinamikan lehena izan zen Gatiburena.

KOKAPENA
Abandoibarra Etorb., 4, 48011
Euskalduna
Bilbo
Bizkaia