Generoa haur literaturan hausnarketagai Parean elkartearen eskutik

Data

22.05.11 - 22.06.21

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Hitzaldi sortaren kartela.
Hitzaldi sortaren kartela. (NAIZ)

Nolakoak dira gauero lokartu aurretik haurrei irakurtzen dizkiegun ipuinak? Nola eragiten dute sortzen ari diren iruditegian? Eta nolakoak dira haur eta gazteek liburutegietan topatzen dituzten liburuak? Zein balio agertzen dira bertan? Eta ilustrazioek zer pentsa ematen diete?

Gure barrua islatzen duen bezala, inguratzen gaituen gizartearen ispilu ere dira ipuinak. «Gure jendartearen balioak, jarrerak eta ezagutzak aurkitzen ditugu maiz lerro artean. Eta tamalez, dezente dira ipuinetan betikotu beharko ez ziren ereduak. Ipuinek irudimena eta jakin mina pizten dituztela argi dago; zoritxarrez, ordea, hain egokiak ez diren balio eta jarrerak erreproduzitzen eta mantentzen laguntzen duten tresnak ere badira». Parean berdintasun elkarteko kideen hitzak dira.

Gure haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen ezagutzeko asmoak ikerketa bat egitera eraman zuen Parean elkartea orain bi urte. «Zehazki, Irungo Haur eta Lehen Hezkuntzako Irungo Eguzkitza ikastetxeko liburutegiaren azterketa egin genuen eta bertan, genero-ikuspegia abiapuntu hartuta, zenbait ondorio kezkagarri atera genituen», gogoratu dute.

Emaitza garbia da. «Mutil protagonistak askoz gehiago dira (%62an), ipuinen idazleak gizonak dira nagusiki (%65an) eta istorioek sarriegi estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte… Aztertutako ipuinen %13an baino ez dira ageri emakumeak zaintzan ez den bestelako rol batean, eta lan egiten agertu direnean, gehientsuenetan irakasle edo dendari lanetan baino ez. Zaintzaren zama emakumeen esku ageri da liburu gehientsuenetan eta familia eredu tradizionala nagusi da oraindik, kultur aniztasuna batere ageri ez den gure haur literaturan», adierazi dute. 

Ondorioak eskuartean, haur literaturaren industrian parte hartzen duten egile eta agente ezberdinekin generoaren inguruko hausnarketa prozesu bat ireki nahi dute, herritarrentzat irekiak izango diren saio ezberdinekin. «Helburua, finean, haur literaturaren baitan generoaren gaia lantzeak duen garrantzia gizarteratzea da, eztabaida eta kezka hau gizarteko zenbait esparrutara zabalduz», diote.

Maiatzaren 11an ekingo diote egitarauari. Donostiako Gros auzoan dagoen Tobbaco Days liburu dendan haur literaturako Lur Gallastegi Zendegi idazlearekin solasaldia izango da 18.30etik aurrera.

Maiatzaren 26an Ainara Azpiazu ‘Axpi’ euskal ilustratzaile, komikigile eta muralgilearekin marraztuz haur eta gazte literaturan generoak joka dezakeen paperaren inguruan hausnartzea dute asmo. Hitzordua Errenteriako Lekuona Fabrikan izango da eta 8 eta 13 urte arteko gaztetxoentzat zuzendutako ilustrazio saioa izango da. Saioa 17.30ean abiatuko eta aurrez izena eman beharko da hemen.

Ekainaren 10an, Oiartzungo udal liburutegian, ipuin kontalari, musikoterapeuta, musika irakasle eta aldi berean musikaria den Haizea Loira Matxiñenaren eskutik ‘Berdintasunari konta eta kanta’ saioa eskainiko da, 7 urtetik gorako haurrei eskainia. Hitzordua arratsaldeko 17.30ean izango da.

Ekainaren 21ean, Irungo CBA liburutegian argitaletxeen txanda izango da. Hitzordua 19.00etan izango da eta Pamiela-Kalandrakako haur literaturako arduradun Carmen Elvira eta Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez Bech   izango dira hizlari. Hitzaldietara sarrera doan.

Ibilbidea

Parean elkartea 2015ean sortu zen, generoa ardatz, egiazko komunitatea ehuntzeko bokazioz. Emakumeen, etorkinen eta adinekoen ongizate erreala proiektu berritzaileen bidez lortzea dute helburu. «Berdintasunean ibilbide luzea dugun hiru emakumek osatzen dugu Parean. Izan ere, 2007. urtean abiatu genuen bidea, orduan Irungo Bilgune Feministan. Mugimendu feministan buru belarri aritu ostean, zaintza lanak medio, bizitza erdigunean jarri eta aldi berean, feminismoa lantzen jarraitzeko ekin genion Parean sortzeari».

Feminismoa oinarri, jendartean alboratuak diren beste kolektibo batzuen alde aritu nahi izan dute, etorkinak eta adinekoekin bereziki. Hauek dituzte ardatz bidean landutako egitasmoek.

Kokapena

Tobbaco Days liburu denda
Secundino Esnaola Kalea, 7
Donostia. Gipuzkoa