Geuretik Sortuak egitasmoko antzerki proiektuak agertokian ikusiko dira 27 herritan

Data

22.01.14 - 22.02.25

Lekua

Nafarroa - Atarrabia

‘Eresia. Lurra arin bekizu, ama’ lanak urtarrilaren 15ean ikusiko du argia Bergarako Seminarixoan.
‘Eresia. Lurra arin bekizu, ama’ lanak urtarrilaren 15ean ikusiko du argia Bergarako Seminarixoan. (NAIZ)

Udalbiltzak sustatu eta antolatutako Geuretik Sortuak euskal kultur proiektuaren emaitza agertoki gainean ikusteko unea iritsi da. Urtarriletik aurrera, proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki konpainiek euren obren emanaldiak egingo dituzte Euskal Herrian sakabanatutako 27 herritan.

Bost dira Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki obrak: Metrokoadroka Sormen Laborategiaren ‘Bidaide’, Oier Zuñigaren ‘Eresia’, Tanttaka Teatroaren ‘Sexberdinak’, Lore More Antzerki Taldearen ‘Trapu Zikinak’ eta Bonbon Beltz konpainiaren ‘Harriminak’.

«Antzezlanok orri gaineko proposamenak besterik ez ziren proiektuan hautatuak izan zirenean, eta 2021ean zehar egokitu zaizkien udalerrietan egonaldiak egin ostean gorpuztu dira; batzuen kasuan, izenburua aldatu ere, nahiz eta esentzia bera izaten jarraitzen duten», adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek.

Metrokoadroka izango da lehena bere obra erakusten. Urtarrilaren 14ean, ostiral honetan, dute estreinaldia Atarrabiako Kultur Etxean; eta emanaldia errepikatuko dute 16an, igandea, Uharteko Arte Garaikide zentroan. Iruñerriko bi udalerri hauek izan dituzte egoitza beraien egonaldian, eta euren hitzetan, «herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez» mintzatzea izango da Bidaide antzezlanaren ardatza.

Asteburu honetan bertan estreinaldia duen beste konpainia bat Oier Zuñiga nafarrarena da. Berak, Eneko Gil dantzariak eta Belen Cruz aktoreak osatutako ‘Eresia. Lurra arin bekizu, ama’ obrak urtarrilaren 15ean ikusiko du argia Bergarako Seminarixoan. Hirukoteak Bergara, Elgeta eta Antzuola izan ditu harrera-herri; baina otsaila hasierara arte itxaron beharko da Elgetan eta Antzuolan obra ikusi ahal izateko. Ama galtzearen dolua lantzeko asmoa du Eresiak, antzerkia eta dantza tartekatuta.

Egitarauarekin jarraituz, Arrigorriagan urtarrilaren 21ean ‘Sexberdinak’ lana aurkeztuko du Tanttaka Teatroak. Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta igoko dira eszenara, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa gelan. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko.

Lore More konpainia nafarraren Trapu Zikinak obraren estreinaldia Oiartzunen izango da, hilaren 28an. Oiartzungo Udaletxeko areto nagusian izango da hori, eta antzinako herri garbilekuetan emakumeek etxeko trapu zikin erreal eta metaforikoak nola garbitzen zituzten kontatuko digute. Oiartzungo herri garbilekua izan dute inspirazio obra sortzerako orduan, eta euren zirkuituan hainbat aurkezpen garbilekuetan bertan egiteko asmoa dute.

Bonbon Beltz konpainia zuberotarrarena izango da aurkezpenetan azkena. Oñatin ari dira egonaldia egiten, eta euren ‘Harriminak’ otsailaren 25ean ikus ahal izango da. Bertan, Titika Rekalt eta Josune Gorosteguik harrien eta herrien minei buruz hitz egingo dute.

130etik gora antzerki emanaldiz osatutako zirkuitua antolatuko du Udalbiltzak urtean zehar Euskal Herrian zehar. Lan bakoitzaren nondik norakoak webgunean jakin daitezke. «Agenda bat ere osatu dugu, hilabetez hilabete osatzen joango dena, emanaldi bakoitzaren informazio praktikoarekin; hemen ikus ditzakezu jada urtarrileko emanaldi guztiak».

Egitaraua web orrian kontsulta daiteke.

Sarrerak antzoki bakoitzean salduko dira. Atarrabian Kultur Etxeko lehiatilan egunero 16.00etatik aurrera edo online

Uharten Kultur Etxeko lehiatilan edo web orrian.

Bergaran Seminarixoko lehiatilan edo online.

Kokapena

Atarrabiako Kultur Etxea
Kale Nagusia, 33
Atarrabia. Nafarroa