Gonzalo Chillidak 1950etik 2007ra sortutako lanak ikusgai jarri dira Parisen

Data

21.11.09 - 22.02.28

Lekua

- Paris

Eraskusketako obra bat. (NAIZ)

Astearte honetan Gonzalo Chillida (Donostia, 1926-2008) pintoreari eskainitako erakusketak ateak zabaldu ditu Parisko Cervantes Institutuaren egoitzan. «Espainiar estatuko abstrakzio lirikoaren figura adierazgarrienetako bat da, eta ahots propioa du, natura etengabe behatzean inspiratuta», nabarmendu dute Etxepare Euskal Institutuaren arduradunek.

Cervantes Institutuak, Acción Cultural Españolak (AC/E), Etxepare Euskal Institutuak eta Bilboko Arte Ederren Museoak antolatuta, erakusketak pintorearen artelanen multzo adierazgarri bat bildu du: 34 margolan, 10 litografia eta 180 argazki eta fotocollage inguru. Bere alaba Aliciak –arte-historialaria da– egin ditu komisariotza lanak. Artelanak familiarenak eta beste bilduma partikular eta publiko batzuetakoak dira, eta kronologia zabala dute, 1950etik 2007ra artekoa.

Erakusketan, gainera, 2016an Alicia Chillidak eta Benito Maciasek zuzendutako ‘La idea del Norte’ filma ere ikus daiteke. 40 minutuko iraupena duen ikus-entzunezk lanak areago sakontzen du pintorearen sormen prozesuan eta bere ibilbidean zehar behin eta berriz jorratu zituen paisaiatik ateratako motiboak –zerua, itsasoa, harea, basoak...– behatzeko zuen gaitasunean.

Erakusketa dela-eta, argitalpena argitaratu da –euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta japonieraz–, Alicia Chillidaren aurkezpenarekin eta Miguel Zugazaren epilogoarekin, eta Jose Angel Irigaray eta Gabriel Celaya poeten, Antonio Saura margolariaren eta Francisco Calvo Serraller historialari eta arte kritikariaren idazkiak berreskuratu ditu.

Erakusketa 2022ko otsailaren 28ra arte egongo da zabalik; gero, Institutuak Erroman (2022ko martxoa/ekaina) eta Tokion (2022ko uztaila/urria) dituen egoitzetara joango da, eta 2023an Bilboko Arte Ederren Museoan amaituko du ibilbidea.

Ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera 10.00etatik 17.00etara. Larunbatetan 10.00etatk 14.etara. Sarrera doan da.

Artista

Gonzalo Chillidak margoarekiko bokazio goiztiarra sentitu zuen eta hari jarraiki estilo guztiz pertsonal eta garaikidea garatu zuen, mugimendu eta etiketetatik kanpo. 1947an, 21 urte zituela, Madrilera joan zen formakuntzaren bila. Prado Museoan Goya, Zurbaran eta beste artista espainiarren pintura ezagutu zuen. «Haien eragina nabaria da atmosfera geldian, sinplifikazio formalean eta bere lehen natura hil eta paisaien figurazioaren dotoretasun kromatikoan», nabarmendu dute Etxepare Euskal Institutuko ordezkariek.

Ondoren, 1951ean Parisera jo zuen. Han, artearen korronte berriekin jarri zen harremanetan, baita harentzat eragin handikoak izango ziren Eusebio Sempere, Georges Braque eta, batez ere, Pablo Palazuelo sortzaileekin ere.

Bi urte geroago, 1953an, Euskal Herrira itzuli zen. Kantauriko atmosferak, haren argi-ezaugarriek eta paisaiaren indar tektonikoak –bere anaia nagusia zen Eduardo Chillida eskultorea ere liluratu zutenek– eratu zuten artistaren heldutasuneko lana. Harea, itsasoa, basoa, mendia eta zerua izan ziren mihisera eramandako gai nagusiak.

Kokapena

Parisko Cervantes Institutua
7 Rue Quentin-Bauchart, 75008
Paris.