Getxo jazz doinuz jantziko da ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean

Data

22.06.29 - 22.07.03

Lekua

Bizkaia - Getxo

Cyrille Aymée Getxon izango da.
Cyrille Aymée Getxon izango da. (GETXO JAZZ)

Dena prest du Getxoko Jazz Jaialdiak ekainaren 29tik aurrera abian jartzeko. Uztailaren 3ra arte luzatuko da 45. edizioa. Osasun-krisiaren ondoren, Getxo Jazz bere ohikora itzuliko da nazioarteko artistak itzuliko baitira. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitarte jaialdiak berriro zabalduko du Euskadiko jazz zirkuitua, Melissa Aldana saxofoi jotzailea, Cyrille Aimée abeslaria, Fred Hersch piano-jotzailea eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile enblematikoa protagonista dituen egitarauaren eskutik. Ordainezko kontzertuei Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak, ‘Hirugarren milurtekoa’ atala eta familientzako kontzertuak gehituko zaizkie.

Iñaki Saitua, jaialdiaren arduradunaren esanetan jaialdia hiru ardatzetan oinarritzen da: «kalitatea, aniztasuna eta banda gazteen aldeko apustua», eta adierazi du, 45. edizioan, Getxo Jazzek emakumearen presentzia nabarmena duela programazioan. Guztira, 18 emanaldi izango dira hiru agertokitan, eta horietatik 8 doakoak izango dira. Getxo Jazzek jam sessions-ak ere hartuko du, baita genero horri buruzko argazki-erakusketa bat ere.

Aurtengo Getxo Jazzaldiaren eskaintzak «maisutasuna eta gaztetasuna uztartzen ditu», eta pandemiaren amaierarekin, «jaialdia normaltasunera itzuliko da nazioarteko artisten emanaldiak berreskuratzeko», nabarmendu du Amaia Agirre Getxoko alkateak asteazken honetan egin den prentsaurrekoan. Lorea Bilbao Kultura diputatuak, bere aldetik, azpimarratu du Getxok «nazioarteko jazzaren onena biltzen duela, eta horrelako ekitaldiek «musikarekiko eta kulturarekiko interesa sortzen dutela.

Egitaraua

Abonu-kontzertuei dagokienez (Muxikebarri, 21.00), Melissa Aldana (1988; Santiago, Txile) izango da aurtengo edizioa zabalduko duen artista. Saxofoi jotzaile gazteak jazzeko handiekin ikasi zuen, hala nola bere aita, Marcos Aldana, Joe Lovano edo Greg Osbyrekin. 2013an, Thelonius Monk Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen lehen instrumentista bihurtu zen kontinentearen hegoaldean, eta 2020an Grammy sarietarako izendatu zuten, Jazz arloko bat-bateko solo onenaren kategorian, ‘Elsewhere’ (2019) albumean sartutako konposizioetako baten interpretazioagatik. Getxon, Melissa Aldana (saxo tenorea), laukote formatuan arituko da ekainaren 29an Lage Lund (gitarra), Pablo Menares (baxua) eta Kush Abadeyrekin (bateria) batera.

Hurrengo egunean, hilaren 30ean, ostegunean, Cyrille Aiméeren (1984, Fontainebleau) txanda izango da. Artista frantziar-dominikarra jazzaren eszenan proiekzio handiena izan duen ahotsetako bat izan da azken urteotan eta hala erakusten du nazioarteko sarien bilduma zabalak. Horien artean Montreux Jazz jaialdiko (2007) eta Sarah Vaughan International Jazz Competition (2012) lehiaketako lehen sariak nabarmendu behar dira. Halaber, finalista izan zen Thelonious Monk International Jazz Competition-en (2010). Inprobisaziorako joera handiarekin, azken urteotan musika-arlo formaletan murgildu da, Stephen Sondheim musikagileari eskainitako Move On-A Sondheim Adventure diskoaren eskutik, eta baita Adonis Rosek eta The New Orleans Jazz Orchestrak lagundutako Petite Fleur lanean ere.

Ostiralean, jaialdiaren erdialdean, Fred Herschen (1955, Cincinnati) arituko da. Artista estatubatuarra konpositore eta erreferentziazko hezitzailea da, eta inprobisatutako musikaren berezko piano-estilo adierazkorrenetako bat du jazzaren munduan. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Art Farmer, Joe Henderson, Charlie Haden eta Stan Getz bezalako artista handiekin hasi zena, bere belaunaldiko artistarik berritzaileenetako bat dela erakutsi du. Neo Bop ortodoxiaren ordezkaria, sari ugari jaso ditu eta Grammy sarietarako hamar izendapen ditu, baita jazz-argitalpen ospetsuenen aipamen garrantzitsuak ere. Hersch lehen figura gisa finkatu da, bakarreko errezitaldietan zein bikote eta hirukoteetan. Azken formatu honetan jardungo da Getxon, John Hébert kontrabaxu jotzailea eta Eric McPherson bateria jotzailea lagun izango dituela.

Laugarren egunean, jaialdiak Ron Carter (1937; Fermdale, Michigan) handiaren saioa hartuko du. Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbide luzearekin, jazz-eszenako baxu-jotzaile bikainenetako bat izan da musikari estatubatuarra, eta azken sei hamarkadetako generoko artista mitikoekin aritu da. Arrakasta Miles Davisen boskote bikainean (1963-68) sartzean etorri zitzaion, Herbie Hancock pianistarekin eta Tony Williams bateria-jotzailearekin batera atal erritmikoa osatuz, jazzaren historiara igaro den talde batean. Milesen taldea utzi ondoren, ibilbide pertsonal bati ekin zion, eta, horri esker, berrogeita hamar disko baino gehiago grabatu ditu bere izenean, berak gidatutako saioen artean edo musikari zerrenda luze eta amaigabe batekin lankidetzan. Getxon Rene Rosnes (pianoa), Jimmy Greene (saxoa) eta Payton Crossley (bateria) izango ditu lagun.

Uztailaren 3an, igandean, Gonzalo Rubalcabaren (Habana,1963) eta Aymée Nuviolaren (Habana, 1973) erritmo kubatarren bitartez agur esango dio publikoari jazzaldia. ‘Viento y tiempo’ aurkeztuko dute, ‘El manisero’, ‘Bembá colorá’ eta ‘Lágrimas negras’ bezalako klasikoak biltzen dituen disko-omenaldia. Txikitatik lagunak izan dira Habana jaioterrian, eta ibilbide paraleloa egin dute. Dizzy Gillespiek aurkitua, Rubalcaba piano-jotzaile bertutetsua eta jazz afrokubatarraren erreferentziazko figura da egun, bi Grammy sari eta beste bi Grammy latinorekin. Nuviola, bestalde, Karibeko musikaren abeslari handien artean finkatu da, eta 2018 eta 2020an Latin Grammy bat eta Grammy bat irabazi zituen ‘Como anillo al dedo’ eta ‘A Journey Through Cuban Music’ lanekin, hurrenez hurren. Getxon, zortzikote formatuan arituko dira, kontrabaxu, saxo, bateria, perkusio eta bi koru-ahots biltzen dituen taldearekin batera.

Talde handien aurretik, Talde Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak arituko dira eta, beste behin ere, publikoak Europako jazz gaztearen lanaz gozatu ahal izango du. Bestalde, doako eskaintzan Algortako Geltokia plazako ‘Hirugarren Milurtekoa’ ataleko kontzertuak (19.00), Lucía Fumero pianista eta abeslaria, Sensei Plays Avishai proiektua eta Gaur, Latitude eta Sumrrá bandak bilduko dira. Horiez gain, familientzako kontzertuak ere izango dira (Algortako Geltokia plaza, 12.30), Jazzbana Ensemble eta Kids Band Sedajazzen eskutik.

Aurten bada berritasunik, jazz jaialdiak gazteei zuzendutako aire zabaleko kontzertu bat eskainiko baitu. Hala, uztailaren 2an, larunbatean, Amaiaren emanaldia izango da Ereagako hondartzako aparkalekuan, 22.30ean doako sarrerarekin. Getxon aurkeztuko du bere bigarren lana, ‘Cuando no sé quién soy'.

Sarrerak online eros daitezke hemen.

Kokapena

Muxikebarri
Basagoiti Hiribidea, 77
Getxo. Bizkaia