Guggenheim museoak 25. urteurrena ospatuko du areto guztiak beteko dituen triptiko batekin

Data

22.10.19 - 23.01.22

Lekua

Bizkaia - Bilbo

El Anatsui artistaren Itsaso Gorakorra (Rising Sea) lana, Historiaren Mugarriak atalean ikusgai.
El Anatsui artistaren Itsaso Gorakorra (Rising Sea) lana, Historiaren Mugarriak atalean ikusgai. (Guggenheim Bilbao Museoa)

Guggenheim Bilbao Museoak 25 urte beteko ditu urriaren 18an eta urteurrena ospatzeko areto guztiak hartuko dituen erakusketa bat prestatu dute bildumako lanekin. Urriaren 19tik urtarrilaren 22ra arte egongo da ikusgai.

Triptiko handi baten moduan sortu dute ‘Sekzioak/Intersekzioak’ erakusketa, elkarren arteko harremana duten hiru gaiekin. Hiru gai horiek ardatz hartuta, sortu zenetik gaur egun arte Museoak eskuratu dituen funtsen ikuspegi panoramikoa eskaintzen du, lehen aldiz, erakusketa-triptiko honek, antolatzaileen arabera.

Eraikineko solairu bakoitzean bildumaren atal bat dago aurkezgai: ‘Sekzioak/Intersekzioak’. ‘Bizitza materiala’, 105. aretoan (irailaren 8tik ikusgai); ‘Narratibagintza’, bigarren solairuan (urriak 19tik aurrera) eta ‘Historiaren mugarriak’, hirugarrenean (irailak 20tik aurrera).

‘Bizitza materiala’, lehenengo solairuan, naturaren funtsezko elementuak ditu oinarri. Horrela, elementu hauek historian zehar jasan dituzten eraldaketen inguruan hausnartzea da helburua. Besteak beste, Doris Salcedo, Gerhard Richter, Mona Hatoum, Richard Long, Asier Mendizabal, Susana Solano, Itziar Okariz eta Rodney Graham artisten lanak egongo dira ikusgai atal honetan.

‘Narratibagintza’, bigarren solairuan, narrazioaren paradigmen ikuspegi hedakorra eskaintzen duten hogei bat artistaren lanak biltzen ditu gaika taldekatutako kronologia, mugimendu eta estilo anitzen bitartez.

Azkenik, ‘Historiaren mugarriak” atalak Guggenheim Bilbao Museoaren bi giltzarri ditu protagonista: Frank Gehryren arkitektura, jatorrizko egoera argitsuan, eta Bildumako pieza bikainenetako batzuk, XX. mendearen bigarren erdiko artearen historiako une garrantzitsuenak bereizten dituztenak. Esatearako, Jorge Oteiza, Andy Warhol, Jeff Koons eta Jean-Michel Basquiat artisten lanek osatzen dute triptikoaren azken zati hau.

Gainera, urteurrenaren baitan Yayoy Kusama artistaren ‘Infinity Mirrored Room – A Wish for Human Happiness Calling from Beyond the Universe’ lanaren erakusketa irekiko dute 103. aretoan. Lan honek artistaren haluzinazioetan murgiltzeko aukera ematen dio ikusleari.

Kokapena

Guggenheim Bilbao Museoa
Abandoibarra Etorb., 2
Bilbo. Bizkaia