Gure Zirkua Bizkaira itzuliko da maiatzean

Data

21.05.07 - 21.05.30

Lekua

Bizkaia - Muxika

Gure Zirkua Bizkaira bueltatuko da. (NAIZ)

Muxikan eta Diman egingo ditu hurrengo geldialdiak Gure Zirkuak, eta herri bakoitzean bederatzi emanaldi eskainiko ditu. Ia bi urteren ondoren itzuliko da taldea Bizkaira, zirkua sekula iritsi gabeko herrietara eramateko helburuari jarraipena emanez. 18 emanaldietarako sarrerak salgai daude jada, webgunean.

Joan den apirilaren 8an ekin zion Gure Zirkuak laugarren birari Errenterian, Covid-19ak baldintzatutako testuinguruan. Taldeak 22 emanaldi eskainiko ditu guztira bertan, sarrera guztiak agortuta, 5.000 ikusle bilduz.

«Jendearen erantzun bikaina ikusita, euskal zirku ibiltariak aurrera jarraituko du 2021erako aurreikusitako ibilbidean, eta iaz kale egin ondoren, aurten Bizkaira itzuliko da datorren maiatzean. Ia bi urte igaro dira 2019ko uztailean taldeak lurralde horretan azken emanaldia eskaini zuenetik», adierazi dute.

Bi dira Gure Zirkuaren arduradunek euren buruai jarritako erronkak: «Batetik, Euskal Herriko gero eta eskualde gehiagotara iristeko erronka. Lehenbiziko aldia izango da Gure Zirkua Busturialdera eta Arratiako bailarara iritsiko dena», diote.

«Bestetik, taldeak berriro heldu nahi dio zirkua herri txikietara eramateko helburuari, zirkurik sekula iritsi gabeko udalerrietara bisita eginez», esan dute.

Bi erronka horiek oinarri hartuta, Gure Zirkua Muxikan izango da maiatzaren 7tik 16ra. Maiatzaren 7an, 19.00etan; maiatzaren 8an, 16.30etan eta 19.00etan; maiatzaren 9an, 16:.0etan eta 19.00etan; maiatzaren 14an, 19.00etan; maiatzaren 15ean, 16.30etan eta 19.00etan; eta maiatzaren 16an, 12.00etan.

Dimara egingo du maiatzaren 21ean eta han egongo da hilaren 30a bitartean. Maiatzaren 21ean, 19.00etan eskainiko dute emanaldia;
maiatzaren 22an, 16.30etan eta 19.00etan; maiatzaren 23an, 16.30etan eta 19.00etan; maiatzaren 28an, 19.00etan; maiatzaren 29an, 16.30etan eta 19.00etan eta maiatzaren 30ean, 12.00etan.

Interesatuek sarrerak eskuragai dituzte interneten, Gure Zirkuaren web orrian.

Erabateko arrakasta izan du Gure Zirkuak orain arteko ibilbidean. Izan ere, lehen hiru biretan 100.000 ikusle bildu zituen. Errenteria izan du abiapuntu laugarren urte honetan.

Eta datozen hilabeteetan Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmotan dira Gure Zirkuko kideak. «Pandemia tarteko, zirku ibiltaria ez zen iaz hain ibiltari izan, eta karpa ez zen Gipuzkoako mugetatik atera. Asko izan zirenez ikuskizunaz gozatu gabe geratu zirenak, taldea sekula baino lehenago hasiko da aurten emanaldiak eskaintzen, urtean zehar Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara iristeko asmotan», esan zuten denboraldi hasieran.

Aipatzekoa da osasun agintariek ezarri dituzten segurtasun- eta garbiketa-neurriak betetzeko helburuz, Gure Zirkuak beste karpa bat duela aurten, «lehen urteetan erabilitakoaren ‘ahizpa handia’, lehenbiziko hark eskaintzen zuen goxotasuna galdu gabe, baina 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetuko duena».

Kokapena

Kurtzero auzoa, 12A
Kurtzero auzoa, 12A
Muxika. Bizkaia