Gure Zirkua Iruñerrira iritsiko da lehen aldiz

Data

21.09.24 - 21.10.10

Lekua

Nafarroa - Antsoain

Gure Zirkua. (NAIZ)

Uda honetan Bizkaia eta Gipuzkoa aldean ibili ostean, Gure Zirkua Iruñerrira iritsiko da lehenbiziko aldiz. Antsoainen altxako du karpa, eta hamabost emanaldi eskainiko ditu irailaren 24an hasita.

«Ia bi urteren ondoren itzuliko gara Nafarroara, eta lurralde hartan aurten egingo duen egonaldi bakarra izango da Antsoaingoa», iragarri dute Gure Zirkuko kideek.

Emanaldietarako sarrerak salgai daude jada webgunean.

«Lau urte behar izan ditu Gure Zirkuak Iruñerrira iristeko, baina azkenean iritsiko da», esan dute. Antsoaingo karparen azpian «artisten lana eskaini eta ikusleen artean askotariko emozioak eragiteko» asmoz agertu da Gure Zirkua osatzen duen familia.

Joan den apirilaren 8an ekin zion Gure Zirkuak laugarren birari Errenterian. Bizkaian bi hilabete oso egin ondoren, taldeak Orion eman du uda, Euskal Herri osoko ikusleak erakarriz.

«Jendearen erantzun bikaina» ikusita, taldeak aurrera jarraitzea erabaki du, eta iaz kale egin ondoren, Gure Zirkua Nafarroara itzuliko da irail honetan bertan. Bi urte igaro dira 2019ko urrian taldeak lurralde horretan azken emanaldia eskaini zuenetik, eta orain bueltan izango da.

«Eta Nafarroara itzuliz gero, zer hobe egonaldia lurraldearen bihotzean, Iruñerrian egitea baino. Hainbat izan dira azken hilabeteotan Iruñerritik eta Nafarroako beste zenbait eskualdetatik beren burua eskaini duten udalerriak Gure Zirkuari lekua egiteko. Eskaintza horri erantzun beharra zegoen, eta iritsi da unea», adierazi dute.

Honakoa da emanaldien egutegia: irailaren 24an, ostiralean, 19.00etan; irailaren 25ean, larunbatean, 16.30ean eta 19:.00etan; irailaren 26an, igandean, 12.00etan eta 18.00etan; urriaren 1ean, ostiralean, 19.00etan; urriaren 2an, larunbatean, 16.30ean eta 19.00etan; urriaren 3an, igandean, 12.00etan eta 18.00etan; urriaren 8an, ostiralean, 19.00etan; urriaren 9an, larunbatean, 16.30ean eta 19.00etan eta urriaren 10ean, igandean, 12.00etan eta 18.00etan.


Kokapena

Poligonoa
Berrioplano Kalea
Antsoain. Nafarroa