Gure Zirkua Oriora itzuliko da uztailean

Data

21.07.16 - 21.08.01

Lekua

Gipuzkoa - Orio

Gure Zirkua. (NAIZ)

Uztailaren 16an hasita, Gipuzkoara itzuli eta hamalau emanaldi eskainiko ditu Gure Zirkuak Orion.

«Bi hilabeteko egonaldi arrakastatsua amaitu berri dugu Bizkaian, 41 saio eskaini eta horietan 9.000 ikusle baino gehiago bilduta», adierazi dute arduradunek.

Iazko uztailean, pandemialdi betean eta erabateko ziurgabetasunean, Orion abiatu zuen Gure Zirkuak 2020ko bira. «Harrez gero, emanaldiak eskainiz eta karpa berria atontzeko lanean aritu gara etenik gabe, aurtengo birarako guztia prest izateko», esan dute.

Joan den apirilaren 8an ekin zion Gure Zirkuak laugarren birari Errenterian eta ondoren Bizkaian egin ditu azken bi hilabeteak: Muxikan, Diman eta Bakion. «Lehendabiziko aldia izan da euskal zirku ibiltariak Bizkaian hiru egonaldi jarraian egin dituena, eta balantzea ezin hobea izan da; 41 emanaldi eskaini eta 9.000 ikusle baino gehiago bildu baititu orotara», diote, pozarren.

Birari jarraipena emanez, orain Gure Zirkua Gipuzkoara itzuliko da. «Iazko egoera zailean babes handia eta erraztasun ugari eskaini zizkioten lan-taldeari Orioko Udalak eta herri osoak, eta esperientzia hartatik harreman berezia sortu da taldeko kideen eta oriotarren artean. Iaz jasotakoa itzultzeko keinu gisa erabaki du taldeak hara itzultzea».

Mendibeltz futbol zelaiaren alboan eskainiko ditu honako 14 emanaldi hauek: uztailaren 16an, ostiralean, 19.30ean; uztailaren 17an, larunbatean, 19.30ean; uztailaren 18an, igandean, 12.00etan eta 19.30ean; uztailaren 22an, ostegunean, 19.30ean; uztailaren 23an, ostiralean, 19.30ean; uztailaren 24an, larunbatean, 19.30ean; uztailaren 25ean, igandean, 12.00etan eta 19.30etan; uztailaren 29an, ostegunean, 19.30ean; uztailaren 30ean, ostiralean, 19.30etan;
uztailaren 31an, larunbatean, 19.30ean eta abuztuaren 1ean, igandean, 12.00etan eta 19.30ean.

Sarrerak dagoeneko salgai gaude webgunean.

Kokapena

Mendibeltz Futbol Zelaia
Erribera Kalea, 1
Orio. Gipuzkoa