Hamar euskal artistaren lanak zintzilikatu ditu Bilboko Guggenheimek

Data

22.07.08 - 22.09.06

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Artistak Guggenheimeko zuzendariarekin.
Artistak Guggenheimeko zuzendariarekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko Guggenheim museoak hamar euskal artistaren obrak ikusgai jarriko ditu ostiral honetatik hasita datorren irailaren 6ra arte ‘Basque Artist Program’ erakusketaren baitan. Hamar artistak 2015 eta 2019 bitartean ospatutako New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoen arteko ‘Basque Artist Program’ ekimeneko bekadunak izan dira, eta Bilboko Guggenheimek aurten 25 urte betetzen dituela aprobetxatuz, museoak programaren lehen promozioetako artisten obrak batu eta zintzilikatu ditu.

Hori horrela, erakusketak komunean duen gauza bakarra sortzaileek, trukea eta garapen profesionala helburu, New Yorken egindako hilabete bateko egonaldia da. Izan ere, artistek erabilitako gai eta materialak guztiz anitzak dira. Gaien artean identitatea, historia, memoria, ikusgarritasuna edo arkitektura landu dituzte artistek. Materialei dagokienez, ostera, pinturak, eskulturak, paper gaineko obra, argazkilaritza, bideoa, kokapen zehatzeko instalazioa eta performanceak topatu daitezke erakusketan, euskarri bakar batera mugatu gabe.

Ondokoak izan dira Guggenheimeko areto bat beraien lanez bete dituzten artistak: Raquel Asensi, Nora Aurrekoetxea, Helena Goñi, Jon Gorospe, Gala Knörr, Maite Pinto, Karla Tobar, Alain Urrutia, Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco.

Pandemiaren ondorioz beka geldituta egon ostean, 2022 honetan ‘Basque Artist Program’ proiektuaren edizio berri bat jarri dute martxan. Lanak aurkezteko epea uztailaren 18an amaituko da eta baldintza bakarra artista arabar, bizkaitar edo gipuzkoarra izatea da.

Memoria

Alain Urrutia eta Maite Pinto bilbotarrek (nahiz eta orain atzerrian bizi diren) memoria izan dute beraien obretako ardatz. Urrutiak ‘Memento’ izendatutako obran memoria kolektibo eta indibidualaren kontzeptuen inguruan hausnartu du. Horretarako, 60ko hamarkadako marko italiarrak mosaiko gisara kokatu ditu oraindik bukatzeke dagoen konposizioa osatzeko.

«Badirudi memoria beti dela atzera begirako ariketa moduko bat, baina azkenean nik 40 koadro zintzilikatu ditut. 40 urte ditut eta orduan, koadro bakoitzak nire bizitzako urtebete islatzen du. Hemendik aurrera, urtero koadro bat gehituko diot urte bat betetzen dudan bakoitzean», azaldu du Urrutiak.

Urrutiaren kasuan markoetan ezarritako irudiek bere bizitzako uneak edo bere memoria propioa irudikatzen dituzte, alabaina, Pintok beste ikuspuntu kolektiboago batetik landu du memoriaren afera, 1937an Santurtzitik Southamptonera (Erresuma Batua) errefuxiatutako euskal umeen ikuspuntutik, hain zuzen.

Maite Pintoren ‘Giza Katea’ obra, euskal ume errefuxiautei buruzkoa. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Pintok artxiboko argazkiak berreskuratu eta grabatu teknikaren bitartez birsortu ditu (lan honetarako metalezko xaflak eta azidoa erabili ditu tonu desberdinak lortzeko) ‘Giza katea’ deitutako obran. Pintok nabarmendu du lan «atenporala» dela, errefuxiatuen drama behin eta berriz errepikatzen baita.

«Istorio hau Manchesterreko museo batean deskubritu nuen, ez nuen ezagutzen. Orduan, jakinminez artxibora gutunak irakurtzera joan nintzen eta Association of the Basque Children of the UK-ekin kontaktuan jarri nintzen», azaldu du Pintok. Bilboko egonaldiaren ostean, lana Sothhamptonera eramango du artistak.

Banderen pasioak

‘Materiaren kontserbazioaren printzipioa’ obran, Diego Vivancoren inspirazio iturria banderak izan dira. Banderek esanahi oso desberdinak ditzaketen arren, funtsean, lehen begirada batean «ezinezkoak» diruditen antzekotasunak dituztela irudikatu nahi izan du Vivancok. Horretarako, bandera «estatala» eta «autonomikoa» (zein estatu eta zein autonomiaz ari den zehaztu gabe) erre eta errautsak beirazko bi botilatan sartu ditu artistak.

«Bistako joko ironiko bat dago proiektuan. Alde batetik, adibidez, bandera espainola erre dudala esango banu, kasua izango balitz, legez kanpoko ekintza batean ibiliko nintzateke eta kartzelan amaitu ahalko nuke. Bestetik, nolabait adierazi nahi dut pasio horiek eta bandoen arteko borroka horiek, batzuetan, jatorri beretik datozela», esplikatu du Vivancok.

Diego Vivanco, ‘Giza bandera’ argazkia atzean duela. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Bi botilekin batera argazki bat kokatu du artistak, non bera, bandera bat imitatuz, makila batetik zintzilik agertzen den. «Argazkia atera ahal izateko farolekin entseatzen egon behar izan nintzen hilabetez!», aitortu du barrez artistak.

Prezioak eta ordutegiak

Erakusketa bisitatzeko Guggenheim museorako sarrera erosi beharko da. Online eskuratuz gero, helduek 16 euro ordaindu beharko dituzte, ikasle eta pentsiodunek, ostera, 8 euro.

Sarrerak lehiatilan erosiz gero, helduentzako prezioa 18 eurokoa izango da eta pentsiodun zein ikasleena, aldiz, 9 eurokoa.

Guggenheim museoa udako ordutegiarekin egongo da irailaren 18ra arte. Hortaz, astelehenetik igandera goizeko 10.00etatik 20.00etara egongo da zabalik.

Kokapena

Guggenheim museoa
Abandoibarra Etorb., 2, 48009 Bilbo, Bizkaia
Bilbo. Bizkaia