Harria zuzenean Bergaran
Data
23.02.10 - 23.02.10
Lekua
Gipuzkoa - Bergara
Harria taldeak lehen diskoa argitaratu du, eta horrekin batera kontzertu bira aurkeztu du Bergarako bandak. Musika bide oparoa duten musikariak batu dira egitasmo berri honetan Aitor Aldanondo musikariaren kantu zirriborro batzuetatik tiraka. Otsailaren 10 gauean Bergarako Seminarixoan ariko dira zuzenean, sorterrian aurkeztuz zuzenean estudioan grabaturiko lehen lana. Sarrerak eskuratzeko Seminarixuaren atari digitalera jo behar da.
Musika ibilbide oparoa du Aitor Aldanondo musikariak. Brigada Criminal punk rock taldean ezagutu genuen gehienok, eta gerora What a Band, Bizardunak edo Fiachras taldeetan aritu izan da gitarra-jotzaile bezala. Harria egitasmoarekin barnean zituen kantuak atera nahi izan ditu, guztira hamabi kantu batuz Pottoko estudioetan grabaturiko lehen diskoan. Musikalki folk eta pop giroan dator taldea, eta kantu akustikoek zein melodikoek tarte dute lan osoan zehar.
Diskoa zuzenean aurkezteko banda ederra batu du Aldanondok bere ondoan: Guille Sanz (bateria), Ekaitz Aranberri (gitarra eta ahotsa), Maitane Azkarate (ahotsa), Adolfo Alcocer (gitarra), Ander Elorza (baxua), Fredi Pelaez (teklatuak) eta Aitor Aldanondo (gitarra eta ahotsa) berak osatuko dute taula gaineko talde formazioa.
Datozen aste eta hilabeteetan zuzenean ariko da banda. Otsailaren 25 gauean Azkoitiko Matadeixen joko ariko dira. Martxoaren 11n Igorreko Kiñu gaztetxean. Apirilean, berriz, Oñatiko gaztelekuan eta Bilboko Nave 9 aretoan joko dute, eta Ekainean Bergaran ospatuko den Ekinez jaialdian.
Kokapena
Seminarixoa
San Martin Agirre Plaza, 4 20570 Bergara
Bergara. Gipuzkoa