Hartzaren Eguna eta Sorgin gaua
2019/02/09 - 2019/02/16
Donibane Lohizune eta Ziburu
Lapurdi
Donibane_ziburuko
AIPAMENAK

Garai batean ospetsuak izan zirenak denboraren poderioz apaldu ziren, eta horixe da Donibane Lohizuneko eta Ziburuko ihauteriarekin gertatu zena. Handiak eta sona handikoak izandakoak urrituz eta apalduz joan ziren ia desagertu arte. Baina azken hamarkadetan ihauteria lantzen eta bultzatzen aritu den lagun batzordeari esker, berritu eta indartu egin da, eta egun, Lapurdiko kostaldeko ihauteririk famatuena dela erraiten ahal dugu.

Beste behin ere, Donibane Lohizune eta Ziburuko Inauteriak jai giroz eta kolorez beteko ditu herriko kaleak. Inauteriak hiru zutabe handi ditu: Hartzaren Eguna, Sorgin Gaua eta Zanpantzar Eguna. 

Horrela, larunbat goizean, lurraren eta biziaren urteroko arrapiztea sinbolizatzen duen hartzaren etorrera irudikatzen da Donibanen, Ziburuko enparantzan bukatzeko. Hartza, zirtzilak, sorginak eta hartz eramailea ibiliko dira protagonisten inguruan. 

Bestetik, Sorgin gaua Ziburuko kaleak alaituko ditu. Desfilean, denetarik izango da: konpartsa, sorginez jantziriko tropa, zirtzilak, hartza, hartz eramailea eta gainontzekoak. Sorginek sorgin-dantzari ekiten diote bizpahiru tokitan eta ondoren denak fandango, arin-arin, mutxiko eta zortzikoetan aritzen dira

Eta Inauteri jaia bukatutzat emateko Zanpantzar Eguna ospatuko da. Ziburutik atera eta Ziburu eta Donibaneren arteko zubia igaro ondoren, ihaute-konpartsa Donibaneko kaleetan barrena sartzen da herriko plazan bukatzeko. Plazara iritsita, epaileak Zanpantzarren kontrako kargu guztiak irakurriko ditu. Bekatu horien guztien erruduntzat jo ondoren, sutara kondenatu eta erreko dute.

Emanaldia Ziburuko plazan amaitzen da, Begiraleak-eko dantzariek ohiko azeri-dantza egiten dutelarik.

KOKAPENA
Herriko kaleetan
Donibane Lohizune eta Ziburu
Lapurdi