Hator Hator Horror Fest jaialdia egingo da Azpeitian abenduaren 10etik 12ra

Data

21.12.10 - 21.12.12

Lekua

Gipuzkoa - Azpeitia

Jaialdian ikusiko den lanetako bat. (NAIZ)

Hator Hator Horror Fest beldurrezko zinema jaialdia egingo da abenduaren 10, 11 eta 12an Azpeitian. Ospel Films eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu duten jaialdian beldurrezko filmekin lotutako askotariko ekimenak iragarri dira.

Abenduaren 10ean hasiko da beldurrezko zinema jaialdia. Ospel Films ekoiztetxearen ‘Pasaia’, ‘Ospel’ eta ‘Lekaime’ filmeen proiekzioarekin emango zaio hasiera zinema jaialdiari, 19.00etan Soreasu Antzokian. Xanti Rodriguezek zuzendu ditu hiru laburmetraiak. ‘Pasaia’ filma Sitgeseko Beldurrezko Astean estreinatu ostean, Soreasuko pantailan primizian ikusteko aukera izango da. Emanaldia osatzeko ekoiztetxe beraren ‘Lekaime’ (Sitges, 2018an) eta ‘Ospel’ (Donostiako Beldurrezko Astea, 2020an) film laburrak eskainiko dira. Biek nazioarteko hainbat sari eskuratu dituzte. Segidan Xanti Rodriguez film laburren zuzendariarekin solasteko aukera izango da.

Larunbat goizean, beldur eta fantasiazko film laburren bi pase egingo dira Soreasu Antzokian. Beldurrezko laburmetraiak, 10.00etan, eta animaziozko laburmetraiak, 12.00etan, eskainiko dira. Arratsaldean, berriz, bi luzemetrai eskainiko dira Soreasun, 16.30ean eta 19.00etan.

Eguna borobiltzeko, 20.30etan hasita, Hator Hator garagardoaren aurkezpena eta dastaketa izango dira Sanagustin kulturgunean.

Igande goiza Emakumeak Zinemagintzan mahai inguruarekin hasiko da Sanagustin kulturgunean, 11.00etan. Ondoren, 12.30ean, haurrentzako makillaje tailerra eskainiko dute, kulturgunean bertan. Azkenik, azken odol tantak dastazeko, igande arratsaldean, 17.00etan, beldurrezko film klasiko baten proiekzioa egingo da Soreasu Antzokian.

Gainera, abenduaren 6tik 12ra Ospel Films ekoiztetxe proiektuen artbook erakusketa egongo da ikusgai Sanagustin kulturgunean.

Ekitaldietarako sarrerak –bonoak ere eskura daitezke– jarri dira salgai, Kulturaz webgunean eta Sanagustin kulturgunean. 
   

Kokapena

Soreasu Antzokia
Soreasu Auzunea z/b
Azpeitia. Gipuzkoa