Haur Literaturako Mikel Zarate XI. Saria
2020/02/24 - 2020/05/31
Lezama
Bizkaia
Literatura_infantil
AIPAMENAK

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak Haur Literaturako Mikel Zarate Sariaren hamaikagarren edizioa antolatu dute, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz eta euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz.

Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Lehiaketan parte hartzeko gutxienez 18 urte izan beharko dituzte parte hartzaileek.

Idazlana makinako moldez bidali beharko da, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita (gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50). Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena, eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.

Lanak hartzeko lehen eguna otsailaren 24a izango da, eta azkena maiatzaren 31. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, ostera, ekainaren 30a izango da.

Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendiguren Elizegik osatuko dute epaimahaia, eta sari bakarra emango da: 3.000 eurokoa (zenbateko gordina). Epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango.

Elkar argitaletxeak plazaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan argitaletxeak ordainduko dizkio egile eskubideak. 

KOKAPENA
Lezama
Bizkaia