‘Hazia’, Arizmendiarretaren bizipenak eta ondarea musikaz eta irudiez lagunduta

Data

22.09.17 - 22.12.23

Lekua

Gipuzkoa - Arrasate

Gontzal Mendibil eta taldekide batzuk ikuskizunaren entsegu batean.
Gontzal Mendibil eta taldekide batzuk ikuskizunaren entsegu batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Musika, antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoak. Lau hizkuntza artistikoak uztartuko ditu ‘Hazia’ ikuskizunak. Arrasateko kooperatiben eredua sustatu zuen Jose Maria Arizmendiarretaren (Markina, 1915 - Arrasate, 1976) irudikapen artistikoa da. Musikal formatua du.

Haren bizipenak eta hurrengo belaunaldiei utzitako ondarearen berri emango du. «1936ko gerraren giza malkotik 1941ean Arrasatera iritsi zeneko lanbide eskola eta enpresen susperraldiaren proiekzioa da. Arizmendiarrietaren historia, bere elkarlan sentimenduan eta etorkizunaren ikuspegiaren senean, gure herriari sostengua eta lana eman dion gizon baten historia lokala eta unibertsala da. ‘Ametsak eraikitzen’ leloarekin eta ‘Beti Aurrera!’ aldarria zuzenaren balio horretan finkatua», gaineratu dute.

Ikuskizun musikalak Arizmendiarretak bizi izandako gizartearekiko ikuspegian, «bere ideiak, ekarpenak eta txertatu dizkigun baloreak, antzezpen, ilustrazio eta koreografiekin musika- eszenaratze artistikoarekin» ezagutaraziko ditu.

«Sustrai batetik, ahots batetik, bizitza batetik eta leku zehatz batetik, garai zail baina oso anekdotikoan sortzen diren istorioak kontatuak, abestuak, eszenaratuak», nabarmendu dute.
 
‘Hazia zen hasieran / 
eta hazia hasiz hasiz joan zen hazia zen hasieran / e
ta onura ekarri zuen’, dio Gontzal Mendibilek idatzi eta ikuskizunari izenburua eman dion letrak. Kooperatiben sortzailearen jatorrizko hainbat idatzi ere entzungo dira musikalean. Zeanuriko kantari eta musikariak sortu du musikalaren gidoia –letra eta doinuak barne–. Bera izango da, gainera, antzezle narratzailea.

Taldea

Ondoan izango ditu Mendibilek zuzenean arituko diren beste bederatzi musikari eta hemezortzi aktore eta kantari. Irailaren 17an (20.00etan) ikusiko du argia lanak Arrasateko Amaia antzokian. Eta hurrengo egunean ere izango da bigarren saioa, 19.00etan.

Musikaleko 20 kantuz osatutako diskoa ere prest izango dute ordurako, ikusleek antzokian bertan eskuratzeko aukera izan dezaten. Oiartzunen ari dira grabatzen. 

Hurrengo emanaldiak Bilboko Arriaga antzokian (urriak 1), Iruñeko Baluarten (urriak 29), eta Gasteizko Principal antzolian (abenduak 17) izango dira. Ari dira beste herri batzuetan saio gehiago hitzartu nahian, aurrerago iragarriko direnak.

Arkaitz Gartziandiak gorpuztuko du Arizmendiarrieta. Antzezleak eta kantariak honokoak dira: Ainhoa Tabuyo, Maddi Otamendi, Eneko Asiain, Xanti Korkostegi, Diana Irazabal, Begoña Rodriguez, Txomin Maidagan, Benito Patxeko, Antton Fernandez, Alberto Mendigutxia, Alfonso Diez, Samuel Gibert, Aritz Salamanca, Amaia Barasorda, Begoña Rodriguez, Adriano Herrero, Sua Enparantza eta Oier Zapiain.

Agertoki gainera igoko diren musikariak Jose Luis Canal –musika konponketaz ere arduratu da–, Angel Unzu, Raul Vera, Rober Caballero, Blas Fernandez, Iker Telleria, Mau Zienkiewich, Maider Zapiain, Iñaki Dieguez eta Joe Gonzalez dira.

Easo abesbatza ere bertan izango da Gorka Mirandaren agindupean. Baita Arrasateko Goikobalu abesbatza ere, Iñaki Maidagan zuzendari duela.

Koreografiak Uhinak sortu ditu Aritz Salamancaren zuzendaritzapean. Ohika Dantzako taldekideak honakoak dira: Aritz Salamanca, Nerea Arregi, Katerin Artola, Sua Enparantza, Mattin Etxebeste, Antton Fernandez, Aitor Garcia, Jone Mendiluce, Mederi Orbiso, Iker Sanz eta Ane Urruzola.

Arrasateko emanaldirako sarrerak hemen eskura daitezke. Gainontzeko saioetarako antzoki bakoitzean.

Kokapena

Amaia Antzokia
Otalora Lizentziaduna, 6
Arrasate. Gipuzkoa