Heriotza duinaz hausnartu duten 35 ilustratzaileren lanak ikusgai Donostian

Data

22.09.14 - 22.10.31

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Erakusketaren irudia.
Erakusketaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Heriotza duinaz zer du esateko arteak? Hauxe Kataluniako Duintasunez Hiltzeko Eskubideen elkarteak (DMC-Cat) hainbat sortzaileri luzatu zien galdera. Artistek ilustrazio bidez eman zuten erantzuna, bakoitzak berea. Denera 30 obra. Lan haiek denak ikus daitezke Donostiako Okendo kultur etxean asteazken honetatik aurrera zabalik izango den erakusketan.

Lege berria onartu aurreko garaiak ziren. Kataluniako hasierako sorkuntza lanei beste batzuk batu zitzaizkien Estatuan zehar egindako bidean. Eta Euskal Herrira iristean bertako bost sortzaileren obra gehitu da erakusketara. «Lege berria onartuta zegoen ordurako. Eta bertako artistak ere gonbidatu nahi izan genituen», azaldu du Jon Aizpurua Donostia Kulturako ordezkariak.

Kataluniako artisten lanek formatu bera dute, aldiz, hemengoek eskuak libre izan dituzte bai tamainari bai egiteko moduan.

«Gaia konplexua da modu artistikoan islatzeko baina uste dugu lortu dugula», onartu du Aizpuruak.

Euskal Herriko Duintasunez Hiltzeko elkartearekin (DMD-DHE) elkarlanean atondu da erakusketa eta aurrera begira kolaborazioarekin jarraitzeko asmoa agertu du Aizpuruak.

DMD-DHEko elkarteko kide Marta Barandiaran pozik agertu da gaur goizean hedabideen aurrean egindako agerraldian. «Oso proposamen interesgarriak egin dituzte ilustratzaileek», adierazi du.

«Heriotza periferiatik erdigunera» ekartzeko ahaleginaren baitan prestatu da erakusketa, oraindik lan asko baitago egiteko alor honetan. «Solasean ibili behar dugu heriotzarekin, bizitzaren parte baita», nabarmendu du.

Jarduerak

Erakusketaren inguruan hainbat ekimen gauzatuko dira datozen asteetan. Parte hartu duten bost euskal artistek euren ikuspegia eta planteamendu artistikoaren nondik norakoen berri emango dute, txandaka. Irailaren 20an Iñaki Martiarena Mattin hasiko da; hilaren 28an Garbiñe Ubedaren txanda izango da; urriaren 5ean Izaro Mariezkurrenak emango ditu azalpenak; urriaren 19an Gotzon Garaizabalek hitz egingo du eta azkenik, urriaren 16an, Aitziber Alonso izango da solasaldiaren protagonista. ‘Asteko pieza’ izenburupean, saio denak euskaraz izangu dira, 19.00etatik aurrera.

Mariezkurrena bertan izan da aurkezpenean. «Desiatzen nago jakiteko nire lanak zuengan zer piztu duen», esan die antolatzaileei. «Heriotza koloreztatu nahi izan dut, sufrimenduaren ondoren askok ikusten duten argia irudikatu», kontatu da.

Izango da bisita gidaturik ere. Carmen Monreal Irigoien elkarteko kidea arduratuko da bisitak gidatzeaz. «Edertasuna nagusitu da erakusketan, nahiz denetariko sentimenduak dauden, tristezia barne. Kolore eztanda da, bizitzatik heriotzara egin behar dugun bidea alaitasunez egin daiteke-eta», adierazi dio NAIZi.  

Aukera ugari eskaintzen duenez sortzaileek akuarelaren teknika hautatu dute ilustrazioak sortzeko unean. Kolore asko erabil ditzazkezu eta urarekin nahasten denez jariakortasun handia ematen du», gaineratu du.

Magia, clownak, antzerkia, ipuin kontalariak... denetarik izango da antolatutako ekitaldietan. Baita hitzaldia eta mahainguruak ere. Aurretiazko borondateen dokumentua nola osatu argituz tailerra ere eskainiko zaie bertaratzen direnei. «Borobila geratu da, ikuspegi poliedriko oso polita osatu da», esan du Barandiaranek.

Urriaren 31 bitartean egongo da irekita erakusketa. Ordutegia astelehenetik ostiralera 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.30era da. Sarrera doan da.

Kokapena

Okendo Kultur Etxea
Nafarroa Hiribidea, 7
Donostia. Gipuzkoa