‘Hi(ZKI)bridoak’ zikloa
2020/02/27 - 2020/05/28
Bilbo
Bizkaia
Itxaro_borda
AIPAMENAK

‘Hi(ZKI)bridoak’ izeneko zikloa Bilboko Euskararen Etxean egingo da, San Inazio auzoan, otsailaren 27tik maiatzaren 28ra bitartean. Literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak bilduko ditu egitarauak, Anari, Itxaro Borda, Ibon RG eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboa izango dira parte hartzaileen artean, besteak beste.

«Mutazioak kaltegarriak izan daitezke izakiontzat, baina ezinbestekoak dira gure existentziarako. Mutaziorik gabe ez legoke aldaketarik, eta aldaketarik gabe ez dugu eboluzionatzen. ‘Hi(zki)bridoak’ literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean», azaldu dute Euskararen Etxeko arduradunek.

Lehen saioa ‘Buztinezko etorkizuna’ izango da, hilaren 27an, Itxaro Bordarekin irakurketan eta Ibon RGrekin musikan. Kolapsologoek aipatzen duten munduaren leherketa hurbila dauka ardatz Bordaren idazkiak, eta idazlearen ahots apokaliptikoari sakontasuna emango dio Ibon RG musikariaren Korg sintetizadoreak.

Martxoaren 25ean Muga egitasmoaren txanda izango da. Xabier Montoiaren ‘Anfetamiña’ liburutik abiatzen da, eta poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Montoiaren lehen poema liburua izan zen ‘Anfentamiña’, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings, 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzarekin. J.A. Goñi Areta ‘Juxe’ argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa.

Bertso saio literarioa izango da ‘Hi(ZKI)bridoak’ ekimenaren hurrengo hitzordua, apirilaren 23an. Mari Luz Estebanek kantuan jarriko ditu Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio, eta pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkie. Bertso saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da.

Halaber, Anariren ‘Habiak’ lanean oinarritutako arte erakusketa kolektiboa irekiko dute maiatzaren 15ean, eta Anari taldeak diskoa joko du zuzenean. Musika eta artea lotuko dituen ekitaldia izango da: erakusketa kolektiboa izango da eta diskoan bildutako hamabi kantuen interpretazio plastikoak bilduko ditu -maiatzaren 30era arte izango da ikusgai-. Anari taldeak ‘Habiak’ joko du zuzenean, eta Booktegi plataformak erakusketari buruzko katalogo-argitalpena plazaratuko du bere plataforma digitalean.

Azkenik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ‘Orainmenean’ eramango du Euskararen Etxera maiatzaren 28an. Kolektiboaren hitzetan, bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia, baina, izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza andreren arrastoak agertzen dira

Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz.

KOKAPENA
Agoitz Plaza, 1
Euskararen Etxea
Bilbo
Bizkaia