Historiaurreari jarriko diote fokua Aranzadiren Arkeologia Jardunaldiek

Data

21.02.17 - 21.02.26

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Jardunaldian kartela. (NAIZ)

Aranzadi Zientzia Elkarteak hemeretzi urte daramatza arkeologia jardunaldiak antolatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzarekin. «Aurrehistorialarien eta arkeologoen lana zabaltzea da urruneko iragana ulertzeko eta interpretatzeko funtsezko lana balioestea eta ikusaraztea», azaldu du Harkaitz Millan Aldundiko Kulturako diputatuak Aranzadiren egoitzan ostiral honetan egin den prentsaurrekoan.

Jardunaldi hauen helburua Gipuzkoan ikerketa arkeologikoak ezagutaraztea da, publiko guztiei zuzendutako dibulgaziozko hitzaldi edo mahainguruen bidez. «San Telmo Museoan urtero eskaintzen diren hitzaldiok normalean oso harrera ona izaten dute», adierazi dute antolatzaileek.

Aurtengo gaia Historiaurrea da. Lau aurrehistorialarik, oso arlo desberdinetan adituak direnek, garai hartako errealitate batzuk hurbilduko dizkigute, hala nola indarkeria eta gizarte haietako gerrak, neolitikoaren zeramika, Basagaingo Burdin Aroko herrixka eta neandertalen kultura ezezazagun bezain erakargarria.

Jardunaldiak San Telmo Museoko Ekitaldi Aretoan izango dira, arratsaldeko 18.00etan. Covid-19ren pandemiaren ondorioz, ezinbestekoa da museoaren webgunearen bidez izena ematea, edukiera kontrolatzeko.

Museoak, gainera, streaming bidez emango ditu hitzaldi guztiak, youtubeko kanalaren bidez. Otsailaren 17an ‘Un poblado entre dos Eras’ izenburupean arituko da Xabier Peñalver Aranzadiko kidea gaztelaniaz. Anoetako Basagain mendian, hogei urte baino gehiagoan egindako indusketa arkeologikoek Burdin Aroko herri baten hondakinak eta han bizi izan ziren pertsonen eguneroko bizitzako objektuak aurkitu dituzte.

Otsailaren 23an ‘NeanderKult. Kultura neandertala kantauriar aldean’ hitzaldia iragarri dute Joseba Rios-en (CENIEH) eskutik, euskaraz. Neandertalaren kulturak interes handia pizten du jendearen artean. Nolakoak ziren? Nola jartzen ziren harremanetan? Nola desagertu ziren? Zer nolako harremanak izan zituzten gure espeziearekin? NeanderKult diziplina anitzeko proiektu bat da, galdera horiei guztiei erantzuna eman nahi diena, gai bakoitzeko adituen ikerketen bidez.

Otsailaren 24an ‘Arqueología del conflicto. Guerra y violencia en las sociedades prehistóricas europeas’ izenburupean eskainiko du hitzaldia Angel Armendarizek (Kantabriako Unibertsitatea) gaztelaniaz. Gure espeziea agertu zenetik, eta are lehenago ere, arkeologiak eta antropologiak giza jokabide bortitzak egiaztatzen dituzte, lehen nekazarien elkarteak (Neolitikoa) sortu zirenetik sarriago gertatzen direnak, taldeen arteko gatazken ondorioz benetako gerratzat har daitezkeenak.

Otsailaren 25ean ‘Historiaurrean ardiak, gazta eta esnea’ hitzaldia eskainiko du Miriam Cubasek (Alcalá de Henaresko Unibertsitatea), gaztelaniaz. Historiaurrean, aztarnategi arkeologikoetan agertzen diren animalia eta landare hondarrak kontsumitzen ziren elikagaien isla dira. Hala ere, badira beste baliabide batzuk, hala nola gazta eta esnea, erregistro arkeologikoan ‘aztarna’ zuzenik uzten ez dutenak. Nola identifika ditzakegu produktu horiek material arkeologikoetatik abiatuta?

Jardunaldien amaiera eta saio nagusi gisa, otsailaren 26an Atapuercako zuzendarikidea den Juan Luis Arsuaga paleontologoa eta Juan Jose Millas idazlea izango dira. ‘La vida contada por un sapiens a un neandertal’ liburua aurkeztuko dute Eva Caballero kazetariak moderatuko duen mahainguruan.

Gaur egun, Estatu espainolean gehien saltzen diren bost liburuen artean dago argitalpena, eta bizitzaren jatorria eta misterioa hurbiltzen dizkio irakurleari, gogora ekarriz historiaurrea gaur egungo leku guztietan bizi dela.

Kokapena

San Telmo Museoa
Plaza Zuloaga, 1
Donostia. Gipuzkoa