‘Hobe ixilik’, bikote eztabaida mamitsuak Itziar Ituño eta Ramon Agirreren eskutik

Data

23.01.12 - 23.01.29

Lekua

Gipuzkoa - Hondarribia

Itziar Ituño eta Ramon Agirre, eszenan.
Itziar Ituño eta Ramon Agirre, eszenan. (David VICENTE)

‘Hobe ixilik’ lana estreinatuko du ostiral honetan Txalo konpainiak. Itziar Ituño eta Ramon Agirre ikusiko ditugu aurrez aurre 19.00etatik aurrera Hondarribiako Itsas Etxea auditoriumean.

Salome Lelouchen ‘Fallait pas le dire!’ antzezlana euskarara ekarri dute. Agirre bera arduratu da itzulpenaz. «Txalo konpainiatik jaso nuen proposamena eta gustatu zitzaidan obra. Komedia polita iruditu zitzaidan, interesgarria», kontatu du.

Euskal Herrira ekarri dute obra eta hainbat aldaketa egin. Bikotekideen lanbideei dagokionean, adibidez. Unibertsitate irakaslea da Agirrre, taxilaria Ituño. Bertsio originalean aktore langabetua eta militante feminista ziren, hurrenez hurren.

13 eszena laburretan egituratuta dago. Arinak, biziak. Bikotekideen artean sortutako eztabaidak ditu oinarri obrak. Giroa gehiegi tenkatzen denean dantza egiten dute. «Biak dira zaleak, seguruenik dantza ikastaroren batean ezagutu zuren elkar», dio Agirrek. Tango edo lindy-hop pausu batzuren ondoren dator barealdia. «Nire pertsonaia armagabetzeko daukan tresnarik hoberena da eta berak badaki beti funtzionatzen duela», gaineratu du.

Dantzan ere ikusiko ditugu Ituño eta Agirre. «Asko gustatzen zaigu, biok oso dantzariak gara. Koreografia txiki batzuk prestatu dizkigu Ines Uriartek. Une politak dira, oso gustura egiten dugu. Ikusleak ere horrela hartuko dituela uste dut». 

‘Bata zein bestea... Biak ala biak... Elkarri kontu kontari eta, aldi berean, kontraesanak; ‘Ez zenuen zertan esan! Eta batez ere, fede txarreko baten aurrean. Hain zuzen, gaur egun, edozer esanda ere, eztabaidarako gai bihurtzen baita. Me Too... Aldaketa klimatikoa, amatasun subrogatua. Eztabaida dantzan dago, baina non eta nola eztabaidatzen den beste kontu bat. Ez dakigu. Gizarte honen arauak konplexuak dira oso. Nork esan dezake zerbait? Noiz? Nori? Eta zer tenoretan? Areago, ustez adierazpen askatasuna nagusi den guneetan, jada zenbait gauza ezin dira aipatu ere egin. Egunero erabili ohi ditugun hitz arruntetatik hasita, galdera existentzialeraino eta, zer esanik ez, familiarteko sekretuak baldin badira’, hala dio obraren sinopsiak.  

Egunerokotasuna

Bikotearen egunerokotasuneko eszenak aurkituko ditu ikusleak agertokian. «Ausarta da, gai potoloen gainean hasten dira eztabaidan. Tratatzen dituzten gaiak oso gaur egunekoak dira, puri-purian daudenak eta komediarako labainkorrak. Arriskua hartu du. Edozein gai ‘tonto’ izan daiteke eztabaidagai, gazta tarta edo patinetea bezalako huskeriak, tartean», adierazi du Agirrek.

Arrazionalagoa da Agirrek gorpuzten duen pertsonaia, filtrorik gabea Ituñok gorpuzten duena. «Nire pertsonaia gauzak neurtu egiten ditu, demagogoa ere bada. Bera, berriz, ahora datorkiona botatzen du. Oso naturala da, freskoa. ’Aizu, gizartean ezin duzu ibili nahi duzuna edozein lekutan eta edonori esaten’, esaten dio eta ‘ni horrelakoa naiz eta ez daukat aldatzeko asmorik’, hark. Beti eztabaidan». 

Larunbatean Berrizen izango dira, igandean Villabonan, hilaren 20an Ordizian eta 26tik 29ra Donostian. 

Sarrera hemen eskura daiteke.

Kokapena

Itsas Etxea Auditorium
Matxin Arzu Kalea
Hondarribia. Gipuzkoa