I. Ahober ahots berdinen abesbatza zikloa, Astigarragan

Data

23.06.03 - 23.12.23

Lekua

- Astigarraga

Ahober zikloaren aurkezpena.
Ahober zikloaren aurkezpena. (AHOBER)

Ahober, ahots berdinen abesbatza zikloaren lehen edizioa hartuko du Astigarragak. Estreineko honetan, hiru abesbatza ikusteko aukera izango da: Bilboko Jatorki Ahots Zuriak emakumezkoek osatutako abesbatza, Voces Graves de Madrid eta Eragiyok, zikloaren antolatzailea.

Eragiyok abesbatzak bost urte beteko ditu aurten eta, bidea egiten ari direla ospatzeko, urrats bat gehiago eman eta abesbatza ziklo bat antolatu dute euren herrian, Astigarragan. Zikloaren aurkezpenean Astigarragako alkate alkate Xabier Urdangarinek Eragiyok-ek herriari «egiten eta egingo dion ekarpena» eta «Astigarragaren izena herritik kanpo zabaltzeko egiten duen ahalegina» eskertu ditu.

Eragiyok-eko ordezkaria izan da lehen edizio honen programa xehatzearen arduraduna. Azaldu duenez, zikloa hiru kontzertuk osatuko dute: batetik, ekainaren 3an Bilboko Jatorki Ahots Zuriak emakukezkoek osatutako abesbatza iksui ahalko da Astigarragako elizan. Bigarrenik, urriaren 7an Voces Graves de Madrid abesbatzaren kontzertua izango da Erribera kulturgunean. Eta, azkenik, Ergiyok bera entzun ahalko da Astigarragako elizan, abenduaren 23an, organo bat eta harizko boskotea lagun dutela.

Kontzertuak eskainiko dituzten taldeen xehetasunak ere eman ditu Eragiyok-eko ordezkariak. Jatorki Ahots Zuriak 1989an sortutako taldea da. Urte batzuez bere jarduera eten eta gero, 2015ean ekin zion bideari berriro ere zortzikote moduan, eta Bizkaian eta handik kanpo aritu da ahots zurien errepertorioa zabaltzen. Bere aldetik, Voces Graves de Madrid Estatu espainoleko «ahots grabeen talderik garrantzitsuenetakoa» dela azaldu du, «nazioartean aritu dena eta hainbat sari garrantzitsu lortu dituena».

Azkenik, ziklo honekin Eragiyok-ek ahots berdinen errepertorioa zabaltzeko egindako lanari jarraipena ematen diola zehaztu dute. Izan ere, bost urteko ibilbide honetan ahots berdinetarako egindako ia ehun obra desberdin abestu ditu, horietatik laurogehi euskal egileenak, eskaini dituen ia 50 kontzertuetan.

«Zikloak ikuspegi hori handitzea ahalbidetuko du, ahots zurietarako eta ahots grabeetarako idatzitako Euskal Herriko eta nazioarteko egileen obren bitartez, hemengo eta hango abesbatzekin, urtez urte ospatzeko asmoarekin jaio den hitzorduan», zehaztu du.

Gaineratu duenez, ziklorako sarrera doakoa izango da eta, lehen kontzertuan, ekainaren 3an 20.00ean Jatorkik eskainiko duena, Eragiyok-ek sarrera gisa kantu batzuk eskainiko ditu. Ostean, Jatorkiko Ahots Zuriak izango da protagonista nagusia eta Eva Ugalde, Pablo Sorozabal, Idoia Azurmendi eta Jesus Guridiren obrak interpretatuko dituzte, besteak beste. Amaitzeko, bi taldeek Aita Donostiaren hiru euskal doinu aukeratu dituzte batera abestu ahal izateko.

Kokapena

Astigarragako eliza
Kale Nagusia, 17
Astigarraga.