II Lautan Hiru antzerki jaialdia
2020/02/06 - 2020/02/27
Bilbo
Bizkaia
Lautan_hiru
AIPAMENAK

Euskaltzaindiaren iazko mendeurreneko egitarauaren baitan antolatu zen iaz Lautan Hiru antzerki jaialdia. Izan zuen harrera ona ikustean, aurten ere jarraipena egitea otu zaie. Xedea, euskarazko antzerkia hauspotzea, antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskaintzea eta, bide batez, Bilboko Zazpikaleetako giroan eragina izatea.

Formatu txikiko antzerki mota honetan 20-30 minutuko piezak izango dira gehienak eta guztiak euskaraz. Ikusleria «ibiltari» ibiliko da, gune batetik bestera.

Hauek dira hitzorduak: Otsailaren 6an, Cecilia Paganini klown argentinarraren ‘Lolipop’ (Euskaltzaindia, 19:00etan), jarraian aurtengo Cafe Bar Bilboko sariko ‘Salaketa’ pieza irabazlearen irakurraldia egingo da (Cafe Bar Bilbo, 20:00etan) eta Ituiño magoaren ‘Maixuaren edari miragarria’ (Bira Kultura, 21:00etan) ikuskizunarekin bukatuko dute.

Otsailaren 13an, Mikel Martinez aktoreak Iban Zalduaren ipuin batean oinarritutako ‘Orbangabe’ bakarrizketa motza (Cafe Bar Bilbo, 19:00etan), Goitibera konpainiaren ‘Amatxik dixkit’ (Euskaltzaindia, 19:45) eta Miren Tirapuren ‘Manifestu bat’ (Zazpi Katu, 20:45) monologoa eskainiko dira. Goitiberaren lanak euskarazko ikuskizun onenari Kriseilu saria eta Ikusleen saria irabazi zuen Pabellon 6-ko antzerki jardunaldietan.

Otsailaren 20an, gai «gogor» batekin hasi –‘Edipo eta Yokasta’ (Euskaltzaindia, 19:00)– eta jarraian umorera joko dute Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren ‘Bakean dagoena bakean utzi’ komediarekin (Zazpi Katu, 20:00). Bukatzeko, estreinatu berria den Galder Perez eta Ane Zabalaren ‘ETAri agiri bulegoa’ ikusi ahal izango da (Bira Kultura, 21:00etan).

Eta otsailak 27an, azken egunean, Beatriz Egizabal ipuin-kontalariarekin hasi (Euskaltzaindia, 19:00), bakarrizketa sendo batekin jarraitu –Erika Olaizolaren ‘Panpina’ (Zazpi Katu, 20:00etan)– eta, bukatzeko, sesio bikoitza prestatu dute Telmo Irureta aktore tetraplegikoarekin –horixe baita bere ‘Hiltzen zarenean’ (Bira kultura, 21:00etan) piezaren abiapuntua– eta Yogurinha Borovaren musikarekin.

KOKAPENA
Zenbait tokitan
Bilbo
Bizkaia