II. Sormen Beka DA
2019/07/16 - 2019/09/21
Durango
Bizkaia
Sormen_beka_da
AIPAMENAK

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak bigarren urtez jarraian jarriko dute abian Sormen Beka DA egitasmoa, Durangoko Azokan, eta aurten musika izango da saritua, edozein generotakoa. Egitasmoaren helburua da euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea.

Sormen Beka DA egitasmoak kontuan ditu kultur sorkuntzaren barruan Durangoko Azokak bere baitan hartzen dituen diziplinak, hau da, literatura, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak. Aurkez daitekeen proposamena diziplina bakarra edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke, baina deialdi bakoitzean diziplina bat hartuko da oinarritzat. Horrela, 2019an musika izango da oinarri, edozein generotakoa; iaz literatura izan zen.

Beka sortzaile berrientzat izango da, hau da, lan bakarra izan dezake kaleratuta, CD edo maketa formatuetan edo sarean; izangaiek 18 urtetik gorakoak izan behar dute, eta banaka zein taldeka aurkez daitezke. Bekaren zenbatekoa 15.000 euro izango da, eta sorkuntza prozesua eta plazaratzea lagunduko dira. Beka proiektu bakarrari emango zaio eta lehiaketa bidez aukeratuko da.

Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean itxiko da, arratsaldeko 18:00etan. Proposamenak posta elektronikoz bidaliko dira, eta eskaera formularioa, sortzailearan curriculuma eta portfolioa, proiektuaren memoria (motibazioa, luzera, kronograma) eta lanaren lagina mp3 formatuan bidali behar dira.

Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren denfentsa izango dira balorazio irizpideak.

Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu, eta hautatuek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da, eta lan irabazlearen berri 54. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Hautatuak urtebeteko epea izango du proposamena burutzeko eta 55. Durangoko Azokan erakutsiko du emaitza, 2020an.

KOKAPENA
Durango
Bizkaia
LOTURAK