Info7 Irratiaren Agur Bira
2018/11/30 - 2018/12/15
Zenbait herritan
Infozazpi
AIPAMENAK

Info7 Irratiak seinalea etengo du abenduaren 15ean, proiektu berri bati ekiteko eta, zenbait egunetan solasaldi bereziekin programazio berezia eskaini ondoren, azaroaren 30etik aurrera agur bira bati ekingo diote.

Agur Biran Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko dituzte. Azaroaren 30ean lehen geldialdia Itziarren egingo dute, eta bertan Joxe Landa eguraldi gizona bisitatuko dute. Info7 irratian, hasi eta buka, astelehenetik ostiralera, egunero eman du irratian eguraldiaren berri. Eta hortik aurrera, hainbat plaza zapalduko dituzte. «Euskal Herriko bertso txapelketa zuzenean ematen hasi gineneko urteak gogoratuko ditugu BECen, aldaketa politikoa aztertu eta sanferminetako momentikoak errepasatuko ditugu Iruñean, herri-harresietan egindako zuzeneko kontakizuna oroituko dugu Ondarroan edota ETAren amaiera gogora ekarriko dugu Luhuso eta Baionan egingo ditugun geldialdietan», aurreratu dute Agur Biraren antolatzaileek.

Bira hau Urruñan amaituko da abenduaren 15ean. 9.00etan hasita eta eguerdira bitarte elkarrizketa akustikoak, bertsoak eta umorea izango dira nagusi. Egun horren parte izatera gonbidatu dituzte irratiko langile, bazkide, kolaboratzaile eta herritar zein entzuleak. «Guztien artean eta festa giroan ixilduko dugu Info7 Irratia».

Itxiera prozesu honek webgune berezia izango du eta bertan eduki guztiak aurkitu ahal izango dira. Azaroko solasaldi bereziak eta baita urte guzti hauetako audio «esanguratsuenak» ere.

KOKAPENA
Zenbait tokitan
Zenbait herritan
LOTURAK