Inoiz baino emakume gehiagorekin itzuli da Bertsolari Txapelketa Nagusia

Data

22.09.24 - 22.12.18

Lekua

Nafarroa - Iruñea

Ezkerretik eskumara: Ekaitz Elorriaga, Belate Olabarria, Ane Zuazubiskar, Aritz Bidegain, Alaitz Rekondo, Gontzal Agote, Idoia Trenor eta Oier Iurramendi.
Ezkerretik eskumara: Ekaitz Elorriaga, Belate Olabarria, Ane Zuazubiskar, Aritz Bidegain, Alaitz Rekondo, Gontzal Agote, Idoia Trenor eta Oier Iurramendi. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hainbat berrikuntzekin aurkeztu du asteazken honetan Bertsozale elkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren 18. edizioa. Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, aurten inoiz baino emakume gehiagok hartuko dute parte txapelketan, 15ek. Lehia irailaren 24an hasiko da Getxon (Bizkaian) eta finala abenduaren 18an ospatuko da, BECetik Nafarroa Arenara lekualdatuta.

Berez, lau urteko zikloa jarraitu izan balitz, iaz ospatu behar izango litzateke Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Alabaina, pandemiak eragindako testuingurua medio, urtebete atzeratzea ebatzi zuten antolatzaileek.

Gontzal Agotek, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak gogorarazi du bertso plaza «ia ia geldirik» eta sortzaileak «oso kinka larrian» egon direla azken bi urteetan. Irakurketa positibo bat egite aldera, Agotek goretsi du bertsolaritzak aurrera egitea lortu duela, besteak beste, «elkartasunari esker, mugimenduak duen auto-antolakuntza gaitasunari esker eta bertso munduak duen irudimen eta dinamismoari esker».

Ildo horretatik, bertsolaritza txapelketa nagusia antolatu ahal izateko, bertso plazaren osasun ona zeinen garrantzitsua den azpimarratu du Agotek: «Poliki-poliki bertso plaza bere onera itzultzen ari da eta hori ezinbesteko baldintza da honelako ekimen bat egin ahal izateko. Bertso plaza eta txapelketa elkarren osagarriak dira eta ezin da bata bestea gabe ulertu».

Parte-hartzeari dagokionez, 2017ko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatuek parte hartzeko eskubidea dute, 42 bertsolarik orotara eta horietatik 15 emakumeak izango dira.

Faseak eta sailkapena

Lehenengo fasean, irailaren 24tik urriaren 9ra bitartean jokatuko denean, 36 bertsolari ibiliko dira kantuan, guztiak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak: bi Arabatik, hamar Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, bost Nafarroatik eta hiru Xilabatik sailkatuak.

Finalaurrekoan, ostera, 24 bertsolari igoko dira oholtzara. Izena eman duten 2017ko finalistak (Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi, azkena Gipuzkoako bertsolari txapelduna) eta lehenengo fasetik sailkatuko diren 19 bertsolariak. Finalaurreko faseak bi itzuli izango ditu: lau finalaurreko izango dira lehenengoan (Elizondon, Donibane Garazin, Irunen eta Durangon) eta beste hiru bigarren itzulirako (Amurrion, Baionan eta Bilbon). Bi saioetako puntuazioak batu egingo dira, eta lehenengo itzulian puntu gutxien lortu dituzten sei bertsolariak txapelketatik at geldituko dira.

Finalari dagokionez, 2017ko txapelduna, Maialen Lujanbio, eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko diren zazpiak arituko dira kantuan. Estreinakoz Nafarroa Arenan ospatuko den saioa hiru zatitan banatuko da: goizean zortzi bertsolariak ibiliko dira, arratsaldean ere hauek abestuko dute eta, azkenean, puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko buruz burukoa jokatuko da. Egun osoan zehar puntu gehien batu dituena izango da irabazlea.

Egutegia

Bertso saioen egutegiari dagokionez, 14 data egongo dira orotara eta guztiak arratsaldeko 17.00etan izango dira finala izan ezik, hori goizeko 11.00etan hasiko da. Lehenengo faseko hitzordu eta bertsolariak ondokoak dira:

Irailak 24, Getxoko Muxikebarri zentroa.

- Agin Laburu

- Eneko Lazkoz

- Nerea Elustondo

- Oihana Bartra

- Peru Abarrategi (Arabako bertsolari txapelduna)

- Unai Medizabal

Irailak 25, Arrasateko Amaia Udal Antzokia.

- Asier Azpiroz

- Iñaki Apalategi

- Joanes Illarregi

- Miren Amuriza

- Saioa Alkaiza (Nafarroako bertsolari txapelduna)

- Xabier Silveira

Urriak 1, Gotaine-Irabarneko Herriko gela.

- Alaia Martin

- Ane Labaka

- Julio Soto

- Nerea Ibarzabal (Bizkaiko bertsolari txapelduna)

- Oihana Iguaran

- Patxi Iriart

Urriak 2, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu entzutearetoa.

- Amaia Iturriotz

- Haritz Mujika

- Iban Urdangarin

- Manex Agirre

- Miren Artetxe

- Xabat Galletebeitia

Urriak 8, Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.

- Aitor Etxebarriazarraga

- Beñat Iguaran

- Eñaut Martikorena

- Jone Uria

- Maddalen Arzallus

- Onintza Enbeita

Urriak 9, Lizarrako Los Llanos Kulturgunea.

- Aitor Bizkarra

- Gorka Pagonabarraga

- Imanol Uria

- Iñigo Matzizidor

- Maialen Akizu

- Unai Gaztelumendi

Finalaurrekoen lehenengo itzuliko datak hauek izango dira: Elizondo, urriak 22; Donibane Garazi, urriak 29; Irun, azaroak 5; Durango, azaroak 12. Finalaurrekoen bigarren itzuliko emankizunak ostera, Amurrion azaroaren 19an, Baionan azaroaren 26an eta Bilbon abenduaren 3an izango dira. Finala ostera, Iruñeako Nafarroa Arenan izango da, abenduaren 18an, goizeko 11.00etatik hasita.

Sarrerarik lortu ezean, txapelketa telebistaz jarraitu ahal izango da. Irailaren 18an hasiko da Hitzetik Hortzera, igandero EITB1en. Era berean, finalaurreko guztiak zuzenean jarraitu ahalko dira EITB4n, ww.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan.

Sarrerak

Saio guztietako sarrerak ostegun honetako goizeko 9.00etatik aurrera egongo dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Dena den, Bertsozale elkarteko kide guztiek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 23tik 30era bitartean. Sarrerak modu fisikoan eskuratzeko aukera ere egongo da, baldin eta Nafarroako Bertsozale Elkartean (Iruñean) erosi ezkero.

Gainerako saioei dagokienez, fisikoki irailetik aurrera erosi ahalko dira saioak egingo diren herrietan, betiere, aurretik amaitzen ez badira. Prezioei dagokienez, lehenengo fasean bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte, ez-bazkideek 12 eta 2004tik aurrera jaiotakoek (2004 barne) 6 euro. Finalaurrekoetan, ostera, prezioa 14, 17 eta 10 eurotara igoko da hurrenez hurren eta finalerako sarrerek, aldiz, 30, 42 eta 20 euroko prezioa izango dute.

Kokapena

Nafarroa Arena
Pl. Aizagerria, nº 1, 31006 Pamplona, Navarra
Iruñea. Nafarroa