Irailaren 24tik 26ra Zarautz literaturaz blaituko da

Data

21.09.24 - 21.09.26

Lekua

Gipuzkoa - Zarautz

Jaialdiaren aurkezpena. (NAIZ)

Badator Literaturia. Iaz lehen aldiz udazkeneko lehen hostoekin batera iritsi zen eta aurten ere data bertsuei eustea erabaki dute antolatzaileek. Irailaren 24tik 26ra egingo da. Halaxe aurreratu dute ostiral honetan egindako aurkezpenean.

‘Itzala, hitzaren ahala’ leloa hartu du edizio berri honek. Itziar Iruretagoiena antolakuntza taldeko kidearen esanetan indarberrituta dator Literaturia. «Ahalik eta egitarau osatuena eta orekatuena prestatzen saiatu gara», azaldu du.

Iazko edizioa arrakastatsutzat jo du, «nahiz covid-aren eraginpean egin eta eguraldiak ez lagundu».

Udalaren babesa du jaialdiak. «Euskara eta euskal kultura sustatzearen garrantzia nabarmendu du ekitaldian Irune Urbieta kultur zinegotziak.

Azken urteotan bezala –aurretik Musika Plazan jartzen ziren, karparik gabe– Lege Zaharrean Enparantzan kokatutako karpak hartuko ditu argitaletxeen salmahaiak. Bertan euskal literaturako izenburuak aurkituko ditu bisitariak, tartean azken nobedadeak ere bai.

Horrez gain, Ahotsenearekin elkarlanean liburu aurkezpenak egingo dira karpan. Hamalau denera. Aurtengo omenduak bi izango dira: Galtzagorri haur eta gazte literaturaren elkartea eta (H)ilbeltza.

Lutxo Egia arduratuko da jaialdiaren hasiera ematen dion manifestua irakurtzeaz. Hilaren 24an Modelo Aretoan izango da 20.00etan. Ondoren ‘Sugarren mende’ Asisko Urmenetaren liburuaren moldaketa dramatizatua iragarri da. Sarrera 7 eurokoa da. 

Hurrengo egunean irekiko ateak liburu azokak. 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.30era bitartean.

Eguneko egitarauan bi mahainguru antolatu dira. Lehena ‘Zientzia fikzioa Euskal Herrian’ (12.30) izenburupean Arrate Hidalgo, Amaia Apalauza, Danele Sarriugarte eta Katti Olaizolaren partehartzearekin. Bigarrena, ‘Saiakera itzultzeaz’ (17.00), Olatz Esteban, Amaia Astobiza, Maialen Berasategi eta Danele Sarriugarterekin.

Baita bi ikuskizun ere, ’Bekatorosak’ (19.00, 3 euro) Dom Campistrom, Maindi Murua eta Andoni Egañarekin; eta ‘Apoaren itzulera’ (22.00, 7 euro) Gotzon Barandiaren eta Joseba Tapiarekin. Hala kontatu du Ibai Sarasua antolakuntza taldeko kideak.

Irailaren 26an Santa Barbaran barrena txangoa egitera gonbidatuko dira herritar eta bisitariak goizeko 11.00etatik aurrera. Musika Plazan da hitzordua. Eta arratsaldez ‘Oraindik, orain eta oraingoz’ poesia eta musika emanaldia iragarri da Iñigo Astiz eta Jon Basarurenen eskutik. Sarrera 5 eurokoa da.

Ekitaldietarako sarrerak Internet bidez egongo dira eskuragarri, Zarauzko Udaleko Kultura Sailari esker. Literaturiako webgunean egongo dira eskuragarri estekak. Horrez gain, leihatilan ere erosi ahalko dira: ekitaldiak baino ordubete lehenago irekiko da, eta edozein ekitalditako sarrerak eskuratu ahalko dira, aurretik amaitu ez badira.

 

Kokapena

Lege Zaharren Enparantza
Lege Zaharren Enparantza
Zarautz. Gipuzkoa