Irulegiko eskua 2023ko Arkeologia Jardunaldietan
Data
23.02.07 - 23.02.10
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta San Telmo Museoak Irulegiko Eskua protagonista izango duten jardunaldi arkeologikoak ospatuko dituzte.
Pieza epigrafiko honen aurkikuntza 2022ko munduko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenen zerrendan sartu da. Beraz, San Telmok eta Aranzadik ekitaldi berezi bat prestatu dute, arkeologia jardunaldien barruan eta publiko orokorrari zuzenduta. Aurkezpen honek musika eta zientzia batuko ditu.
Irulegiko aztarnategiko zuzendaria, Mattin Aiestaran, indusketari eta Irulegiko Eskuari buruzko hitzaldiaz arduratuko da, eta musikaz Oreka TX taldea eta Tom Lizarazu (Bulego musika taldea) arduratuko dira. Ekitaldia otsailaren 13an, astelehena, arratsaldeko 19.00etan izango da Donostiako Antzoki Zaharrean eta euskaraz izango da. Hitzaldi berezi honetarako, doako gonbidapenak eskuratu daitezke museoan bertan, hilaren 12ra arte, eta, sarrerarik izanez gero, aurkezpenaren egunean bertan ere eskainiko dira, Antzoki Zaharrean, leihatilako ohiko ordutegian.
Horrez gainera, oso gai desberdinei buruzko bost hitzaldi ere izango dira, guztiak unean uneko azken ikerketa arkeologikoekin lotuak. Otsailaren 7an, ‘Elosua Plasentzia. Trikuharrien ibilbidea’ hitzaldia eskainiko du Jesus Tapia, Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurreko arkeologoak.
Aranzadik azaldu duten gisara, Telesforo Aranzadik eta Joxemiel Barandiaranek trikuharriak eta tumuluak induskatu zituzten Urola eta Deba arteko mendietan duela 100 urte. Mende bat geroago, gaur egungo arkeologoak metodologia berriekin itzultzen dira toki horietara, aurkikuntza berriak lortuz. Hitzaldi honetan egindako lanari buruzko liburua aurkeztuko da. Hitzaldi hau euskaraz emango da.
Otsailaren 8an ‘Iturritxiki. Getariako badiako urpeko arkeologia’ izango du hizpide Ana María Benito, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak. Duela 500 urte, Flandesko urka bat hondoratu zen Getariako badian, kobrezko lingoteen kargamentu baliotsuarekin. Afrika Subtropikalera zihoan. Kargamentua berreskuratzea izan da euskal kostaldean urpeko arkeologiaren proiektu garrantzitsuenetako bat. Abentura arkeologiko hau Ana Benito arkeologoak kontatuko du eta Iturritxiki dibulgazio-liburua aurkeztuko da. Hitzaldi hau gaztelaniaz emango da.
Otsailaren 9a ‘La costurera que encontró un tesoro cuando fue a hacer pis’ hitzaldiaren eguna izango da, Vicente Olaya, kazetari eta idazlearen eskutik. Modu atsegin eta nobelatuan aurkeztuko dira gure inguruko arkeologia hurbileko aurkikuntza eta abenturarik handienetako batzuk. Hitzaldia gaztelaniaz emango da.
Otsailaren 10ean ‘Irulegiko eskua: K.a. I.mendeko testigantza epigrafikoa Arangurengo Ibarrean’ hitzaldia eskainiko dute Mattin Aiestaran, indusketen zuzendariak; Javier Velaza, Bartzelonako unibertsitateko latindar filologian katedradunak; eta Joaquin Gorrotxategi, hizkuntzalaritza indoeuroparreko katedradunak (EHU). «Topaketa honetan aurkikuntza epigrafiko paregabe baten testigantza aurkeztuko da, bere epigrafiako ikertzaileek eta aztarnategiko zuzendariak azalduta», ziurtatu dute Aranzaditik. Hitzaldi hau elebiduna izango da.
Hitzaldi guztiak streaming bidez ikusi ahal izango dira San Telmo Museoko Youtubeko kanaletik.
Kokapena
San Telmo museoa
Plaza Zuloaga, 1
Donostia. Gipuzkoa