Itsaspeko misterioak azaleratu dituzte ‘Urpera: itsaspeko bidaia’ erakusketan

Data

22.08.02 - 23.01.08

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

‘Urpera: Itsaspeko bidaia’ erakusketaren irudia.
‘Urpera: Itsaspeko bidaia’ erakusketaren irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostiako Euskal Itsas Museoak ‘Urpera: Itsaspeko bidaia’ aldi baterako erakusketa inauguratu du astearte honetan. 60 artikulu baino gehiago batzen dituen eta urpekaritzaren historia ardatz duen bilduma 2023ko urtarrilaren 8ra arte egongo da publikoarentzat zabalik.

Euskal Itsas Museoak azaldu duenez, Ana Maria Benito urpeko arkeologak eta Javier Mazpule itsaspekariak sortu duten erakusketak «itsas sakonean murgilduko ditu bisitariak, antzinatik, XIX. mendea igaro ondoren Siebe eskafandraren aurkikuntzarekin, XX. mendera bitartean urpekaritzaren historia ezagutzeko».

Erakusketak ikus-entzunezko baliabideen eta objektuen bidez, euskal kostaldeko urpekaritzan aitzindariak izan diren Manzisidor bezalako eskafandristak eta lehen urpekaritza klubak edo kirol-federazioak ezagutzeko aukera emango du.

Gainera, museoak aurreratu du erakusketak euskal kostaldean hondoratutako ontzien (Petracho, Saint Sunniva, Knebworth, Joao Pessoa, Mina Mary, Hochheimer, Cañonero Tajo) eta Kanariar Uhartean aurkitutako Telamon bezalako ontzien dokumentazioa biltzea lortu duela.

Horrez gain, urpekaritzaren historiarako garrantzia izan duten duten 60 objektu baino gehiago jarri dituzte ikusgai, hala nola eskafandra bat, Cousteau-ren moduko erreguladoreak, urpekaritza-jantziak, aire-botilak, sakontasun neurgailuak eta urpeko argazki kamerak.

Gainera, erakusketaren sustatzaileek, Benito eta Mazpulek, publiko orokorrari zuzenduriko bisita gidatua eskainiko dute astearte honetan, arratsaldeko 18.00etan.

Astearte arratsaldeko bisita gidatuaz gozatu ezingo dutenek aurrerago ere aukera izango dute euskal urpekaritzaren historiaz gozatzeko. ‘Urpera: itsaspeko bidaia’ datorren urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera, goizeko 10.00etatik 14.00etara eta arratsaldeko 16.00etatik 19.00etara. Igandeetan, ostera, museoak ordubete beranduago zabaltzen ditu ateak, 11.00etan. Tiketen prezioari dagokionez, erakusketara sarbidea doakoa da.

Kokapena

Euskal Itsas Museoa
P.º del Muelle, 24, 20003 Donostia-San Sebastian, Gipuzkoa
Donostia. Gipuzkoa