Janus Lester, Maskak eta Kilimak Baionan

Data

24.07.13 - 24.07.13

Lekua

Lapurdi - Baiona

Jokin Pinatxo abeslariak gidatzen du Janus Lester banda.
Jokin Pinatxo abeslariak gidatzen du Janus Lester banda. (JANUS LESTER)

Baionako bestetan zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ugari izango dira. Hiriko txoko eta gune askotara zabalduko da festa, eta kontzertuak bestaren parte garrantzitsua dira. Patxa gunean, besta alternatiboen agertokian, Pantxondon edota Züzülü gunean egunero talde andana ikusteko aukera izango da. Bide horretan, Or-Konpon elkarteak ere badu bere jaialditxoa, eta larunbat arratserako Maskak, Kilimak eta Janus Lester taldeen emanaldiak prestatu ditu 17.00etatik aurrera Espainiako atean. Aurretik Amarra abesbatza ariko da (12.00), Pauline Junquet & Jon Itcainaren kantaldia (14.00) eta Larralde Anaien erromeriaz (15.00) gozatu ahalko da.

Maskak taldeak zabalduko du emanaldia. Azken boladan zeresan handia ematen ari den taldea da honakoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko musikariez osatua. Apirilean kaleratu zuen debuteko diskoa ‘Buruz buru’ izenpean; lehen hamabi kantuak bildu dituzte bertan. Uda beroa izango du bandak, eta Baionako emanaldiaz gain, Makean, Bidarrain, Kanbon, Luhuson, Itsasun edota Milafrankan ariko dira zuzenean datozen asteetan. Musikalki pop-rock giroetan dator laukotea.

Kilimak taldea, berriz, ohikoa da gure herrietako txosnagune eta plazetan. Uda beroa izan ohi dute. 2021 urteko ‘Euskal Herriko runba’ diskoari esker ezagun egin ziren gurean, eta disko berriaren esperoan.

Janus Lesterrek itxiko du gaualdia. Jokin Pinatxo abeslariak gidatzen du taldea. Epe laburrean toki bat egin dute Euskal Herriko musika agendan. ‘Ez gaitzala loak harrapatu’ lanak ateak zabaldu dizkio, musikalki melodia eta kolorez beteriko kantu alai eta dantzagarriekin.

Kokapena

Or-Konpon elkartea
Espainiako atea
Baiona. Lapurdi

Loturak