Jesus Mari Larrazabal gogoan, bere heriotzaren lehen urteurrenean

Data

22.06.26

Lekua

Gipuzkoa - Zumaia

Jesus Mari Larrazabal.
Jesus Mari Larrazabal. (NAIZ)

Jesus Mari Larrazabal Antia (1948-2021) gogoan izango dute bere senitarteko, lagun eta lankideek Zumaian haren heriotzaren lehen urteurrenean egingo den ekitaldian. Ekainaren 26an elkartuko dira bere jaioterriko Zumaiena aretoan, 12etan.

Ekitaldi xumea prestatu dute. Ibon Koteronek –Larrazabalen ikasle izana– ‘Gernika’ (Pablo Sorozabal) eta ‘Martxa baten lehen notak’ (Artze, Laboa) piezak joko ditu. Segidan bideo emanaldia iragarri da. Azken honetaz ez dute xehetasun gehiegirik aurreratu nahi izan antolatzaileek, sorpresa gorde aldera.

Arrastoa uzten zutenetakoa zen Larrazabal. «Irakasgaia ikasteaz gain markatu egiten gaituzten maisuak badira, gure bizitzan despistatu samar gauden garaian markatzen gaituztenak. Ni bizitza osoan Unibertsitatean lanean ari banaiz berarengatik izan da, bestela ez zitzaidan sekula burutik pasako. Eta ni bezala beste hainbat ezagutu ditut irakaskuntzan, politikan ala beste alorretan, askorentzat inspirazio iturri izan da», aitortu du Kepa Kortak. Logika eta Zientziaren Filosofiako katedraduna da EHUn. «Jesus Marik ere kategoria bera zeukan eta ilusio berezia egiten dit», aitortu dio NAIZi.

Txiki txikitatik erakutsi zuen ikasteko grina Larrazabalek. Umetan nahiago zuen liburu artean geratu jolas garaian patiora irten baino. Eta irrikarekin batera, gaitasuna. Gaztetan Frantziara joaten hasi zen frantsesa ikasteko. «Frantsesa dakitenek hala zioten, jatorrizko hizkuntza zuela zirudiela», dio Kortak.

Parisen Filosofia eta Ekonomia ikasketak egin zituen 1972-1976 urteetan. Ekonomian, Nanterreko Unibertsitatean bere promozioko lehena izanik, lan aukera izan zuen Frantzian baina ezezkoa eman zion. Filosofia eta Logikaren esparrutik eskaintza ere jaso zuen AEBtik eta hark gehiago tentatu arren azkenean Euskal Herriarekiko sentitzen zuen konpromisoak pisu handiagoa izan zuen eta etxera bueltatu zen.

Behin Euskal Herrian zela, Unibertsitate publikoaren aldeko apustua egin zuen, Deustuko Unibertsitatearen eskaintzari uko eginda. EHUn Zorroagan hasi zen lanean. «Horren aurretik Donibane Lohizunen eta Uztaritzen parte hartu zuen Udako Euskal Unibertsitatean. Beraiek amesten zuten Unibertsitatea publikoa, euskalduna eta Euskal Herri osorakoa zen. Baita jakintza eta ikerketa maila altuenean landuko zena ere. Eta ez zuten sekula ikusi gauzatzen», esan du Kortak.

ILCLI

Unibertsitatearen egituraketan partehartze aktiboa izan zuen. «Francoren ondorengo Gipuzkoako lehen diputazioan diputatu izan zen eta bertatik ere lagundu zuen UNED eta EHUren egituraketan», gogoratu du.

Aipatzekoa da ILCLI. «Bere ekarpenik handiena» Kortaren iritziz. «Mundu mailako beste antzeko zentroekin ikerketa sarea sortu zuen Unibertsitate publikoan. Hemengo gazteeei ikerlari formakuntza eskaintzen zien, askotan modu prekarioan ikerkuntzan ari zitezen. Eta justu orduantxe horretatik urrun zegoen beste eredu bat gailentzen hasi zen, dirua publikoa izanik fundazio pribatua eginez. Gatazka planteatu zen. Futboleko metafora erabiliz harrobia lantzen zuen lehenak eta fitxaje garestiak bigarrenak», esan du. 

Bere ikasle izan zirenek «serioa eta zorrotza» bezala definitzen dute. Baita Kortak ere. «Itxuraz kupidagabea, nahiz seguruenik azala zen beste ezer baino gehiago», dio. «Exigentzia eta zorroztasun gutxi zegoen Zorroagako fakultate hartan bera eta gutxi batzuk salbuespena ziren».

Garai hartan ezagutu zuen Kortak. Lankide izan zuen geroago eta doktorego zuzendari ere bai. Gertutik ezagutu zuen, beraz. «Harreman berezia izan genuen. Koinzidentzia asko geneuzkan, ez bakarrik nolako Unibertsitatea nahi genuen, baita nolako Euskal Herria nahi genuen ere, nahiz belaunaldi desberdinekoak izan». Beti saiatu zen gazteengana hurbiltzen, Kortaren esanetan. «Berak zioen berarekin ere gauza bera egin zutela aurrekoek, Carlos Santamariak eta Federico Krutwig-ek, besteak beste. Belaunaldi berrietan konfiantza jarri izana aitortzen zien», dio. 

Engaiamendu politikoa

Ezin ahaztu Larrazabalen engaiamendu politikoa. «Engaiamendua konstantea izan da, militantziari lotua. Askotarikoa, bariatua, baina sekula aldatu ez zituen oso zutabe sendoen gainean eraikia. Oinarri ideologikoak oso argiak ziren, berdin Euskal Herriarentzako helburu estrategikoak. Euskara eta sozialismoa ardatz zituen Estatu bezala ulertzen zuen berak. Iraultzak soziala eta nazionala bai, baina baita pertsonala ere izan behar zuela oso garbi izan zuten hasieran batez ere Herri Gaztedi eta antzeko organizazioetan».  

Parisen ibili ondoren LAIAn sartu zen eta parte hartu zuen Herri Batasunaren eta KASen sorreran. LAIAko militante gisa diputatu izan zen Gipuzkoan. Hor ekin zion erakunde publikoetan egindako ibilbideari. Urte batzuk geroago Gasteizko Legebiltzarrean parlamentari izan zen Eusko Alkartasunatik. «Ezkerreko independentismoaren inguruan batu daitezkeen indarrak autodeterminazioaren alde batzeko ahaleginetan aritu zen lanean bertan», gogoratu du Kortak. Azken urteetan EH Bilduko kide izan zen Larrazabal.

«Politikan aritu zen urte guztietan ez zuen sekula ezer kobratu politikatik –nabarmendu du Kortak–. Ez zion utzi irakasle izateari eta bere soldata beti Unibertsitatetik jaso zuen».

Larraitz Zubeldiak ILCLIren master batean izan zuen irakasle eta gero elkarrekin lanean aritu ziren Institutu berean. «Gizon apasionatu» bezala gogoratzen du, «injustizien aurrean isilik geratu ezin zena».

Intentsitate horrek faktura pasa zion gertukoen esanetan. «Gaztea zenean denarekin ahal zuela zirudien baina azken garaietan osasunak ez zion lagundu».

Ekitaldira sarrera librea da.

Kokapena

Zumaiena Ikastetxea
Axular Ibiltokia Hiribidea, 6
Zumaia. Gipuzkoa